hiztunen eskubidea da administrazioaren aurrean hizkuntza aukeratzea. Administrazioak, beraz, aukeratutako hizkuntza erabili behar du pertsonaren eskubideak urratu nahi ez baditu. Hori da, hain zuzen ere, gertatzen dena: administrazioak pertsonen hizkuntza eskubideak urratu egiten dituela. Elebideren 2012ko txostenaren arabera, 292 kexek (%98) salatzen zuten euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen zirela. Oraindik orain, euskaldunen hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira. Euskaldunen eskubideen urraketarik gerta ez dadin administrazioko langileriari hizkuntza-eskakizunak aplikatzea baino zerbait gehiago beharko litzateke.

Kontua da, ekainaren 3an Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko sailburu anderea eta Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde jauna Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordearen aurrean agertu zirela Hizkuntza-eskakizunei buruzko azterketa kualitatiboa ikerketa-txostena aurkezteko.

Ikerketa txukuna eta interesgarria, dudarik gabe. Ikerketak balio du jakiteko, besteak beste, "hizkuntza-eskakizunen sistemak ez duela ziurtatzen euskararen erabilera errealik" (270. orrialdea). Edozein kasutan, agerraldian argi geratu ez bazen ere, salatu nahi dugu hizkuntza-eskubideen urraketak eta diskriminazioak oraindik gertatzen direla, administrazioan ere.

Gure ustez, esan dugunez, Hizkuntza-eskakizunen sistemak ez du balio euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Are gehiago, iruditzen zaigu hizkuntza-eskakizunen ezarpena aitzakia gisa erabiltzen dela eskubideen urraketak estaltzeko. Hizkuntza-eskakizunak ez betetzeko aitzakiak, amarruak, salbuespenezkoak eta gainerakoak arazo larriak dira, bai, baina larriagoa da egunero egiten diren eskubideen urraketak.

Badirudi dena bihurtu dela aitzakia eta bidezidor hizkuntza-eskakizunen ezarpena saihesteko edo atzeratzeko. Ez da onargarria. Ez da onargarria Osakidetzan oraindik 4 langiletik 3k hizkuntza-eskakizunak ez betetzea; ez da onargarria hezkuntzako hizkuntza-ereduen (A, B eta D) porrota; ez da onargarria Ertzaintzarena eta ertzain askoren portaera iraingarria euskaldunenganako; ez da onargarria epaitegietan eta, oro har, Justizia eremuan euskara nola gutxiesten den; ez da onargarria EGA tituluaren bila joatea eta leihatilaz bestaldekoak erdaraz egitera behartzea; ez da onargarria hizkuntza-eskakizunak betetzeko derrigortasun epea bete aurreko asteetan lanpostuak ematea; ez da onargarria adinagatik salbuetsita izatea? ez da onargarria edozein aitzakia dela administrazioak hiztunen hizkuntza eskubideak urratzea. Edozein kasutan, bistan da, hizkuntza-eskakizunen sistema ez da eraginkorra euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko.

Euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketekin amaitzeko ausardia eta borondatea behar dira. Borondatea behar da PSE-EEren, PPren, UPyDren, UGTren, CCOOren eta gainerako euskararen normalizazioaren oztopatzaileen presioei men ez egiteko; borondatea egunkarietako titular anpulosoetatik ihes egiteko eta borondatea, azken buru, euskararen hiztun elkartearen behar izanak aitortzeko eta betetzeko asmoa adierazteko. Normalizazio lanetarako teknikariak behar dira, daudenak eta gehiago. Gogoan izan behar dugu langile horien esfortzuarekin lortzen dugula aurrera urratsak egitea.

Aurreko legegintzaldian, PSE-EEren eskutik utzikeria nagusitu zen: Jaurlaritzako sailen erdiek ez omen zuten euskara planik onartu ere egin, normalizaziorako ezinbesteko abiapuntua, gainerako sailetan plana onartu bai baina askoz gehiagorik ez. Legegintzaldi berrian EAJren eskutik ez da aurrerakuntza esanguratsurik sumatu, sei hilabete igaro eta gero! Gure ikuspegiz, egoera soziolinguistikoa ez da geldirik egotekoa.

Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo euskaltzaleak erakusten du herritarren nahia zein den. Ezinbestekoa da hizkuntza politika zuzenagoa, eraginkorragoa eta, batez ere, euskaldunen hizkuntza eskubideak zaintzen dituena. Zurikerietarako bainoago lan gorrietarako garaiak baitira.