Joan Mari Torrealdaik idatzitako Euskararen liburu beltza'n euskara ardatz gisa daukaten hainbat gertakari ilun agertzen dira, non euskara txerrentzen den mendez mende, gure hizkuntza maitea txatxukeria bailitzan. Aipatutako liburuan aipatzen da 1998. urtean PPko zinegotzi bat ETA erakundeak era lazgarrian erahil eta gero ospatutako Udal plenoan, han bertaratutako batek erran zuela: "Hemen, Euskadin, guztiok gaztelaniaz hitz egiten ez dugun bitartean ez da benetazko bakea emango". Tamalez, askok eta askok horrelaxe pentsatzen dute Euskadin, hizkuntza eta politika nahasi egiteraino.
Horixe da Gasteizko Marianistak ikastetxearekin gertaturikoaren iturburua, alegia, polemika gori-goria sortu izana Marianistak ikastetxetik "gurasoak animatzen dituztelako euskara bake bide bezela erabil dezaten".
Euskal Herriko hizkuntza hautaketa aske baten aldeko plataformak garrasia zeruan jarri egin du, kasu honetan "adoktrinamendua" eman dela aurpegiratuz Marianistak ikastetxeko zuzendaritzari.
Baina nire uste apalean behintzat eta beste hainbaten ustetan ere, ikastetxe gasteiztar honetatik egin nahi izan dutena hizkuntz-normalkuntzarako hare-bihi txikiz laguntzea izan da, besterik ez, hain prezeski ere hizkuntz-normalkuntzak gizartearen normalizazioa lortzen lagunduko duelakoan. Baina, apika, hainbatentzat gure ustea erdi ustel, aipatutako bilkura osoko hitzak dira garrantzitsu beraientzat, zalantzarik ez izan horretan.