Euskera, nekazaritzarekin loturiko hizkuntza bezala deskribatzen du Jon Juaristik bere artikuluan, horrek euskara gutxietsi egingo balu bezala. Zein azkar ahazten zaien batzuei nekazari eta baserritarrek, herri txikietako euskaldunek euskararen biziraupenean eginiko lana orain ez urte asko, gure hizkuntza anikilatzeko bidean zegoenean. Hori euskarari dagokionez eta nekazaritza bera ere gutxietsiaz, gure eguneroko bizitzan duen garrantzia ahaztuaz, landa garapena, gure ingurumenaren zaintzaile sutsuak? beste arrazoi asko eman ahal izango nituzke. Harrotasunez lotu beharko genituzke euskara eta nekazaritza, biak dira eta herri honen zati garrantzitsua.

Zorionez eta Juaristi ohartu ez den arren, gaur egun euskararen presentzia poliki poliki sektore guztietara zabaltzen hasia da: nekazaritzan, ikastetxeetan, kalean, ingenieritzan, unibertsitateetan, lagunartean, enpresetan, politikan, berrikuntzan edo sare sozialetan. Hor ari gara euskaldunok gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko duten ekintzetan. Twitterren ere sortu da lan talde bat Twitterra euskarara itzultzeko, euskaldunok euskaraz tuiteatu dezagun, ortuko haziak ereiten ditugun profesionaltasun eta harrotasun berarekin.

Bestalde, euskera ez dela defendatu behar, defendatu beharrekoa "askatasuna" dela dio Juaristik. Ez du euskera defendatu beharra ikusten. Ez dakit zein mundutan bizi den, baina ez behintzat Euskal Herrian. Oraindik ezin daitekeelako euskaraz bizi, bertan bizi garenok ezin dugulako euskaraz nahi beste galdetu, erantzun eta batzuen ezjakintasunak eta ikasteko interes, gogo ezak, beste askoren euskaraz bizitzeko eskubidea zapuzten duelako. Eta euskera defendatzeak, askatasunerako bidea egitea suposatzen duelako, euskara edo/eta erderaz hitzegiteko aukera euskaldunok bakarrik bermatzen dugulako, euskaldunok bakarrik bermatzen dugulako bat edo besteak aukeratzeko askatasuna!

Bukatzeko eta atxotitz batek esaten duen bezala, mina, ahal duenak egiten du, ez nahi duenak. Horrelako birus arraroen aurrean, bakuna ezinhobea daukagu euskaldunok, erabil dezagun: zure ingurunean, zauden tokian zaudela, exijitu eta erabili Europako hizkuntzarik zaharrena, #euskera(k-rekin)!