jai eguna. Goizeko 9ak. "Ohean goxo nago. Kalean hotz egingo al du? Euria? Elurra? Atzo Euskalmet-ek hego haizea egingo zuela esan zuen". Askotan kalean ze eguraldi egiten duen jakiteko ohetik altxatu ere ez dugu nahi izaten. Logurak jota, alferkeri hutsagatik edota izarapean bero eta gustura gaudelako, bertan geratzen gara, mugitu ezinik ia. Beste batzuetan berriz, ezinbestean altxatu beharrean aurkitzen gara, lanera joan edota erosketak egitera atera behar dugulako. Horrelakoetan automatismo hutsez, jaiki eta jantzi egiten gara, kalean ze eguraldi egiten duen leihotik begiratu gabe ere. Nonbait, aurreko eguneko aurreikuspenak edota gure usteak gidatuta.

Hori da AHTaren gaiarekin gertatzen ari dena. Batzuk ohean goxo daude eta ez dute bertatik atera nahi. Berdin zaie zer gertatzen den kanpoan, beraiei ez die inondik inora eragiten. Edo hori uste dute. Beste batzuk berriz, nahiz eta 15 zentimetroko elur geruza egon eta zero azpitik 5º egin, leihotik begiratu beharrean, telebistan esandakoari kasu egin eta tirantedun kamisetaz, praka motzaz eta txankletaz ateratzen dira kalera.

Hori da, behinik behin, 2009ko azaroan euskal soziometroak esaten ziguna. AHTaren inguruan burutu zuten galdeketan, erantzun zutenen %66ak aitortzen zuen ez zeudela oso informatua edo batere informatua. Hau da, gehiengoak onartzen zuen ez zuela informaziorik AHTaren inguruan. Hala eta guztiz ere, guztien %77ak uste zuen proiektu honek ondorio ekonomiko positiboak ekarriko zituela Euskadirentzat. Are gehiago, %31ak uste zuen naturari gehienbat ondorio positiboak ekarriko dizkiola! Hiriburuetako bizi kalitatean ondorio positiboak edukiko dituela uste zuten inkestatuen %81ak eta orokorrean %68ak proiektuaren alde zeudela zioten. Hots! informaziorik eduki ez arren, AHTak ondorio positiboak baino izango ez dituela uste zuten herritarrek.

Honek gauza bat uzten du argi gure iritziz: proiektua defendatzen dutenen arrakasta publizitarioa. Zergatik? Inork proiektuaren gorabeheraz ezer azaldu ez izan arren alde daudelako. Ez PNV-k lehen, ez PSE-k orain, ez dizkigute proiektuaren nondik norakoak azaldu. Ez digute esan AHTra bideratzen den diru guztia zein zerbitzuren murriztapenarekin ari garen ordaintzen. Ez digute azaldu zein izango den bidai txartel baten prezio erreala. Ez digute esan auzoan obrak hasten direnean, zein ondorio pairatuko ditugun. Eta ez digute azaltzen, gasteiztar arrunt batek, bere egunerokotasunean, zertarako behar duen AHTa.

Hau horrela izanik, kontrakoa ere gerta liteke, hau da, AHTaren inguruko informazioa zabaldu eta jendarteak proiektu horren aldeko jarrerak hartzea. Baina, AHT Gelditu Elkarlanak 2007an burututako ikerketan agertzen zen ondorioa ez zen hori izan. Kontrakoa baizik. Argi eta garbi ondorioztatu genuen ikerketa horretan herritarrok zenbat eta informatuago egon, orduan eta handiagoa zela AHTaren kontrako jarrera.

Gure kasuan, Gasteizen, leihotik begiratzen dugunean, AHTaren obrak egiteko dirutza xahutu behar dutela ikusten dugu. AHTaren beharrei egokituko zaien intermodal berria eraikitzeagatik hipotekatu behar gaituztela. Arriaga parke natural eta historikoa lurperatuko dutela. Gasteiztarrok hainbat urtez zarata, trafiko kaotikoa eta kutsadura pairatuko ditugula. Hau guzti honetaz informatzeko eta salatzeko antolatu ditugu jardunaldi irekiak Gasteizko Arriaga auzoan. Hurbildu leihora!

Itxaso Etxenike Ugarte