Agian ez da egia izanen, eta barkatu bazterrak nahasten etortzea. Baina entzun dut epaileak eskatu dizkizula zuri Iruña-Veleiako ostrakak, Guardia Civil-ak azterketa kimikoak egin diezaizkion hainbat idazkunei. Hiru aldiz eskatu omen dizu epaileak, eta zuk ez omen diozu erantzunik ere eman. Baliteke hori? Zergatik?
Egia nahi dugu, behingoz, Iruña-Veleiako saltsa honetan. Eta badakit zuk ere egia nahi duzula. Faltsuak edo egiazkoak, baino egia. Asko gara egia nahi dugunok. Froga kimikoek agian lagunduko digute egia aurkitzen. Saiatu beharra dago. Faltsuak izanen dira, doike; aditu askok hala diote. Baina faltsuak badira, berriki egindako idazkunak badira, Guardia Civil-aren frogek hala erakutsiko digute abudo demontre. Eta idazki horiek zaharrak balira? A ze nolako altxor kulturala arabatarrentzat, ezta? Gehixeago edo gutixeago, aberastasuna guztiontzat, ezta?
Honen alde ez naiz, haren aurka ezta: egia da bilatzen duguna. Zuk ere hala, doike. Goazen bada elkarrekin eta ez elkarren aurka, ezta?