loiolan harrapatu gaitu Euskal Herriko elizbarrutietako kristau talde bat Joxe Arregik Frantziskotarren Ordena uztera doalakoaren berriak. Tristura eta ondoeza eragin du gutako askoren artean Joxe Arregik hartu behar izan duen erabakiak. Seguru gaude egonezina zabalagoa dela, euskal kristau elkarteetan eta are gizartean ez dela ulergarri ez onargarri inor isilarazteko Elizako zenbait buruk hartua duten bidea.
Gaur egun, Ebanjelioaren eta kulturaren ikuspuntutik, gizon-emakumeon eta herrien ukaezineko eskubide bat da askatasuna. Nazareteko Jesusengan ageri zaigun askatasuna maite dugu eta behar dugu gizartean, are eta gehiago, Elizan ere bai. Badakigu instituzio guztietan, tradizioak gaurkotzeko ahaleginetan, neurri edo kontrol batzuk beharrezkoak direla, baina kontrol horiek demokratikoki kudeatu behar dira, gardentasun osoaz, hots: informazio ageri osoaz eta inoiz ere, agintariaren iritziaren arabera, Joxe Agirreren kasuan bete ez diren baldintzak. Zergatik ez dute esaten Joxeri zer leporatzen dioten? Gu geu urteetan ibili gara Joxerekin ukondoz ukondo eta ez dugu inoiz ere heresiarik nabarmendu. Alderantziz baizik, Jesusen ikasle leialak izateko aholku eta proposamen onak besterik ez ditugu berarengandik hartu.
Gaurko hainbat gotzain eta eliz arduradunek ez dute nahi askatasunik beren elkarteetan. Hitz erdirik atera gabe, beren esanari men egin eta makurtuko zaizkien eliztarrak nahi dituzte. Askatasunak eraginik, kristau fededunak bidegabekeria dagoen tokian salaketa jarri behar du hitzez eta ekintzez, gizartean edo Elizan izan. Joxe Arregi dugu orain eta hemen Eliza Katolikoaren historian izan diren makina baten arteko beste biktima errugabe bat, isiltzea eta men egitea onartu ez duelako. Guk ere gure hitza hartzen dugu eta gure erabakia, Ebanjelioaren izenean, mutu ez geratzekoa eta besoak ez tolestekoa, Joxerekin bat egin nahirik.
Elizaren kulturan, bada beste alderdi bat: aniztasuna. Baina gotzain batzuk ezin dute eraman berea ez den beste ahotsik eta erreferenterik sortzea eta indar hartzea. Fedearen irakaspenaren monopolioa berea dutela uste dute eta zuztarretik ateratzen saiatzen dira erreferente berriak erne orduko.
Sinismen giroak berekin du beste ezaugarri bat: konfiantza. Nazareteko Jesusen Berri Ona konfiantzaz jantzia dator eta konfiantzaz janzten gaitu elkarrekiko. Baina hala al da Elizan? Gure elizbarrutietan, Vatikanoko II. Kontzilioa garatuz joan den aldian, tokia egin zaio elizan bizitzeko hainbat molderi. Orain gauzak aldatzen ari dira. Konfiantzari ateak ixten ari zaizkio eta beldurraren iltzez josten ari dira kristau elkartean mugitzen den oro: teologoak, apaizak, laikoak, apezpikuak berak? Beldurraren hazia ereinez gero, mesfidantza eguneroko ogia da eta horrek susmo txarraren, gezurraren eta salaketaren generoak ematen ditu fruitu. Joxe Arregik bezala, urrutitik bederen, Nazaretarrari jarraitu nahi diogu eta beldurra garaitu, Jesusengan gure itxaropena jarriz eta gaurko hainbat eta hainbat gizon-emakumerengan uste on izanez.
Sinetsita gaude Joxe Arregiren giza sentsibilitate finak eta argitasun teologikoak, bere apaltasun frantziskotarrak, askatasunaren bere lekukotasunak eta kristau koherentziak irabaziko dutela azkenean, onak direlako, bidezkoak eta beharrezkoak gaurko Elizan eta gizartean. Eskerrak eman nahi dizkiogu lerro hauen bidez Joxeri bidelagun dugulako eta hainbat gizon-emakumerentzat ere hurbileko delako. Arduratzen gaitu horrelako bazterketa-ildoetan sartuak direlako Gipuzkoako Elizbarrutian ez ezik, Baiona, Bilbo eta Iruñeko Elizbarrutietan ere bertako eliz agintari izendatuak. Nolanahi ere, Ebanjelioaren argiari jarraitu nahi diogu Euskal Herriko Elizan kristau gizakoiago, elkarte leialago eta gizarte zuzenago bat eraikitzeko gogoz. Askatasunez, konfiantzaz, itxaropenez, itsu-itsu men egin gabe, behar denean intsumiso izanez.
Joseba Iturbe, Mª Tere Urrutxi ta Enrike Larrañaga
Eta beste 32 apaiz, erlijioso eta sekular, Elizbarrutietako kristauak