20 urte dagoeneko, 20 ikasturte, zein motz eta zein luze. Data honetara helduta ezin daiteke pasatzen utzi zoriontzeko aukera eta aldi berean urte hauetan ikusi izan dudanaren zertzelada batzuk, irakurleak ez dakizkienak, ezagutzera emateko.

Euskarari dagokionez Arabako Errioxa zazpigarren alabaren umezurtza da. Horren aurrean hizkuntzaren etorkizuna hamarkada hauetan ikastola eta euskaltegiaren esku utzi da, eskualdeko jendeak orokorrean eta administrazio ezberdinek inolako ardura seriorik ez dutelarik izan honen osasuna eta etorkizuna nolakoa den jakiteaz, nahiz eta zorionez azken hilabete hauetan aldaketak sumatu.

Egoera horrela, udazkenero 20 urtetan hutsik egin gabe dozena bat herri baino gehiagotan aurkezpenak egiten. Zerrendak jaso eta izugarrizko malabareak egiten taldeak osatzeko.

Edozein herritan eta edozein ordutan euskara irakasteko prest, gure hizkuntza eta kultura bazter guztietako helduei helarazten. Anekdota bezala esan Logroñon ere taldeak eduki dituztela euskara ikasten, baina bestetik azpimarratu ere esfortzu horretan baldintzak ez bete, eta euskaltegiak berak dirua galdu edo laguntza gutxiago jaso izan dituela eskaintza ez murrizteagatik. Dena dela, inoiz ez du bere esku bazegoen, bazterrean jenderik utzi euskara ikasteko aukerarik gabe.

Zoritxarrez aurretik esandako lan hori, jarrera hori, borondate hori ez da errekonozitua izan, batez ere administrazioengatik: dirulaguntzak ukatu, hiriburuetako baldintzak jarri, bete ezinak diren ratioak,... Baina edozeren gainetik udazkenetan onddoak falta izaten ez diren moduan, IKAko matrikulatze kanpainak hor zeuden, hutsik egin gabe.

Bi hamarkada hauetan jende asko pasatu gara euskaltegitik, bai ikasle zein irakasle, baina bereziki zoriondu nahiko nituzke Arabako Errioxako IKA euskaltegian lanean jarraitzen dutenak, beraien lan baldintzak inolako pagotxa izan gabe hor daudelako izugarrizko jarduna egiten gure eskualdean.

Bukatzeko hiru desio: batetik etorkizunean lan baldintzak hobetzea, bestetik administrazio guztien eta eskualdeko biztanleen babes osoa egiten duzuen lanarenganako eta azkenik eta garrantzitsuena, duzuen kemenak irautea, azken hori gabe jai izango bailuke helduen euskalduntzeak gure eskualdean eta noski, euskararen normalkuntzak Arabako Errioxan.

Aitor Urkiza Solabarrieta

Miembro de asociación de euskaldunes de Rioja AlavesaTtiki-ttaka