Askotan idatzi dut gizarte honetan dugun entzuteko gaitasun eskasari buruz. Behin baino gehiagotan esan dut jendeak ez duela entzuten, ez dugula entzuten, bakarrizketak direla nagusi, belarrietan tapoiak bagenitu bezala ibiltzen garela mundutik, geure arnasa entzuten dugula, geure taupadak, baina aurrean dugunaren ahoa mugitzen ikusten badugu ere, ez diogula esaten duenari kasurik egiten. Bueno, ba damutzen naiz. Besteek esaten dutena entzuteko obligazioa dudala pentsatzeak kalte baino ez dit egin. Bart konturatu nintzen. Ordura arte gaiari buruz idatzitako guztia paper ontzira botatzeko gogoa izan nuen.

Gaueko hamarrak ziren. Ni nahiko goiz lotaratzen naiz eta ordurako irekia nuen ohea, liburua prest nuen mesanotxean, pijama jantzita eta hortzak garbituta. Eta orduan bihotza zalapartaka jarri zidan txirrina entzun nuen. Ateko zulotxotik begiratu eta nire auzokidea zela ikusi nuen. Senarra hil zitzaionetik bakarrik bizi da. Jakin minez ireki nuen atea, halako orduan ate joka ibiltzeko zerbait garrantzitsua kontatu behar zidala pentsatuz. Zer da?, galdetu nion. Hasieran telebista ondo ikusten al dudan galdetu zidan, gero zaratarik entzuten dudan gauez? Nire oin ortozietan kanpoko hotza sentitzean, etxean sartzeko eskatu nion. Atea itxi eta biak zutik pasilloan, hirugarren gai bat atera zuen. Lehenengo solairukoak ez duela igogailuaren konponketarik ordainduko esan duela, ez duelako erabiltzen? Itsusia iruditu zitzaidan andrea hainbeste denbora pasilloan zutik edukitzea eta egongelako sofan esertzeko gonbita egin nion.

Gaueko hamabi t"erdiak arte geratu zen etxean. Bere senarra zenbat maite zuen eta guzti kontatu zidan, hain ikusi ninduen entzuteko prest. Baina ikasi dut. Besteak entzuteko obligazio etikoaren gainetik, entzun nahi duguna aukeratzeko eskubidea dugu. Nahikoa da esatekoa, alegia. Ez dut aurrerantzean ahaztuko.