Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganbera musikako zikloaren denboraldiko bigarren emanaldia izango da larunbatean, urriaren 26an, eta Kup Taldeak eskainiko du, Sacrum izenburupean. Kontzertua Euskadiko Orkestraren egoitzan izango da, Miramonen (Donostia), ohi bezala, eta sarrerak jada bukatu dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kup taldea 2003an sortu zen, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren inguruan, garai hartan abesbatza zuzendaritzako irakaslea zen Gabriel Baltes maisuaren zuzendaritzapean. Gaur egun, oraindik taldeko buru da Baltes. Harrezkero, Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako ahotsek lagundu dute 16 kantarik osatutako hasierako nukleoa, gaur egun ezagutzen den "talde sendo eta entzutetsua" bihurtu arte.

Abesbatzak garai eta jatorri desberdinetako musikagileen lan sorta zabala aukeratu du larunbateko emanaldirako

Abesbatzak garai eta jatorri desberdinetako musikagileen lan sorta zabala aukeratu du larunbateko emanaldirako, guztiak testu sakratuetatik abiatzen direnak. Horrela, Alemaniako garai Barrokoko Heinrich Schütz eta Hermann Schein aukeratu ditu, bai eta garai Erromantikoko Mendelssohn ere.

Ondoren, XX. eta XXI. mendeetako hiru euskal konpositore interpretatuko ditu: Aita Donostia, Xabier Sarasola eta Javier Busto. Frantziako Francis Poulenc eta Pierre Villette, Ingalaterrako Edward Bairstow, Norvegiako Knut Nysted eta Ola Gjeilorekin, eta AEBetako Randall Thompson konpositoreen lanak ere entzun ahalko dira, antolatzaileek ondorioztatu dutenez.