Euskadiko Orkestrak antolatzen duen Miramongo Matineeak ganbera musikako zikloak edizio berria hasiko du larunbatean, urriaren 5ean, Ensemble Phantasy taldeak eskainiko duen 'Omenaldiak' izenburuko kontzertua.

Virgile Demillac (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Mehmet Sönmez (kontrabaxua), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Ignacio Sanchez (tronpa) Euskadiko Orkestrako kideek osatzen dute Ensemble Phantasy.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, kontzertuan entzungo den lehen obra Franz Hasenohrlek egindako Richard Straussen 'Till Eulenspiegel' (1895) poema ospetsuaren berridazketa izango da. Orkestra handirako sortuta dagoen jatorrizko obratik funtsezko bost instrumentu geratzen dira Hasenohrlen bertsioan: biolina, kontrabaxua, fagota, klarinetea eta tronpa. Edonola ere, bertsio murriztuak "Straussen jatorrizko lanaren energia eta umore guztia gordetzen du".

Ondoren, Benjamin Brittenek 19 urte besterik ez zituela 1932an hari hirukote eta oboerako konposatu zuen 'Phantasy Quartet' etorriko da. Kuartetoak iraganeko obrak ekartzen ditu gogora, zehazki, XVII. mendeko konpositore ingelesek idatzitako 'fantasia' generokoak.

Kontzertua bukatzeko, Jean Françaixen 'Nonetto' entzungo da, hari boskote eta haize laukote banarentzat 1995ean konposatutako obra. Mozarten 'Piano eta haizerako kintetoa Kv452' lanaren moldaketa bat da.

Emanaldia 11:00etan hasiko da, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, Donostian, eta sarrera solteak 11 euroan daude salgai www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal auditoriumeko leihatilan; orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere erosi ahalko dira kontzertuaren egunean, leku librerik geratzen bada.