Durangoko Azokaren 59. edizioan erakusmahaia jartzeko izena emateko epea astleehen honetan amaituko da, irailaren 30ean. Interesa duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin behar dute eskaera.

Interesa duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin behar dute eskaera

Antolakuntzak jakinarazi duenez, abenduaren 5etik 8ra ospatuko den 59. Durangoko Azoka prestatzeko lanek aurrera doaz, eta, standen izen-emateaz aparte, egitaraurako proposamenak aurkezteko eta Ikasle Goizean parte hartzeko inskripzioak ere aurki zabalduko dira. Aurrerago emango da horren inguruko informazioa.

Aurten ere, lau egunez, euskal kulturaren topagune izango da Durango. Landako nobedadez horniturik egongo da eta, gunez gune, kulturzaleek gertutik ezagutu ahalko dituzte sortzaileek aurkezturiko lanak. Gainera, hitzaldietan, mahai-inguruetan eta tailerretan ere parte hartzeko aukera izango dute.

Bestalde, Bermeoko Udaleko (Bizkaia) Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatu ditu urrirako eta azarorako Nestor Basterretxeak bertan dituen artelanak erakusteko, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Bisitak euskaraz izango dira urriaren 3, 17 eta 28an (16:00etan) eta azaroaren 5 eta 19an (11:00etan), eta gaztelaniaz urriaren 10 eta 21ean (16:00etan) eta azaroaren 12 eta 26an (11:00etan).

Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Nestor Basterretxearen jaioterria da bere obra publiko gehien dituen udalerria, eta herriko "kale eta plaza ugari artista bermeotarraren aire libreko galeria bihurtu dira". "Sinbolismoz beteta eta euskal nortasunarekin sakonki lotuta dauden bere eskulturak, Bermeoko hiri paisaiaren zati bereizezinak dira", nabarmendu du.