Gernikako Ertzain-etxeko agenteek, gaur goizaldean, gizon baten aurkako ikerketa-diligentziak ireki dituzte, atzo goizaldean izandako sexu-eraso batengatik.
Gertakariak ostiral goizaldeko bostak eta laurden aldera izan ziren, Bakioko jai-esparruan, 48 urteko gizon batek emakume bati ukituak egin baitzizkion.
Gertakariaren berri izan ondoren, Ertzaintzaren patruila bat Bakioko jai-esparrura joan zen, gizona identifikatze aldera. Une horretan, antzeko gertakariengatik bilatu eta atxilotzeko agindu judiziala zuela egiaztatu zuten —Logroñoko epaitegi batek emandako agindua—.
Agenteek agindua bete, eta jakinarazi zioten sexu-erasoaren delituagatik ikerketapean zegoela.
Atxilotua polizia-dependentzietara eraman zuten, bidezko tramiteak egiteko eta, tramiteak amaitutakoan, epailearen aurrera eramateko.
Bestalde, Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute, diskoteka baten kanpoaldean beste gazte bati arma zuriz eraso egin ondoren. Biktima tokian bertan artatu dute, esku batean ebakiak zituen eta.
Atzo, larunbata, 05:15ean jasotako dei batek Ertzaintzari ohartarazi dio gazte bati arma zuriz eraso egin diotela Vitoria-Gasteizko alde zaharreko diskoteka baten kanpoaldean.
Zenbait polizia-patruila bertaratu, eta biktimak esku batean ebakiak zituela ikusi dute. Lekukoek jakinarazi diete erasotzaileak ihes egin zuela.
Bertan zeuden pertsonen deklarazioei esker, ertzainek gertakariaren egilea identifikatu eta atxilotu dute, ustezko giza hilketa saiakera egotzita.
Atxilotua, 20 urteko gizonezkoa, polizia-dependentzietara eraman dute, bidezko polizia-eginbideak egiteko. Bertan edukiko dute epailearen aurrera eman arte.