Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak abuztuaren 2ra arte du zabalik Euskadiko arrantza udalerrien garapen iraunkorrerako laguntzak eskatzeko epea.
Amaia Barredo sailburuak zehaztu duenez, "laguntzak ingurumen jasangarritasuna sustatzen duten eta, batez ere, tokiko ekonomia bultzatzen duten eta arrantza komunitateen bizi kalitatea hobetzen duten proiektuentzako dira".
Laguntzak Arrantza Eremuen Garapen Iraunkorrerako Tokiko Garapen Parte Hartzailerako Estrategian oinarritzen dira, Europako Itsas eta Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (FEMPA) esparruan, eta 2024ko ekitaldian hiru milioi euro erabiliko dira.
Eusko Jaurlaritzak 2023ko urriaren 6an eratu zuen formalki Itsas Garapen Elkartea tokiko arrantza ekintzako taldea eta haren partaidetzazko toki garapeneko estrategia, 'Ekonomia urdin jasangarrirako trantsizioa' lelopean, arrantza eremuetan ingurumen jasangarritasuna sustatzeaz gain, tokiko ekonomia bultzatzen duten eta arrantza komunitateen bizi kalitatea hobetzen duten hainbat proiektu helburutzat hartuta.
'Ekonomia urdin jasangarrirako trantsizioa' estrategiak hiru ardatz nagusi ditu: arrantza sektoreari laguntzea eta haren jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea, lurraldearen hazkunde urdina ekarriko duten jarduera ekonomikoak sustatzea eta arrantza komunitateen ekonomia urdinerako trantsizioa bultzatzea.
Laguntza aginduan bi lerro nagusi ezarri dira. Alde batetik, produkzio inbertsioak daude, hau da, enpresa eta negozio lerro berriak sortu eta martxan jartzea, arrantza sektorearen jarduera dibertsifikatzen duten ekimenak eta arrantza udalerrien ekonomia urdina sustatzera eta haztera zuzendutako ekimenak lehenetsiz.
Laguntze beste ardatz nagusia enplegua sortzea da, hots, inoiz enplegurik izan ez duten edo lehen zuten enplegua galdu duten langileak besteren kontura kontratatzea, arrantza sektorea dibertsifikatzen duten jardueretan edo ekonomia urdinarekin zuzenean lotuta dauden ekimenetan.