Emakume Korrikalarien Taldea jarriko da martxan irailean, Bermeoko Udaleko (Bizkaia) Kirol Sailak sustatuta, emakumeak ariketa fisikoa egitera animatzeko helburuarekin.
Kirol saileko arduradunek azaldu dutenez, ekimena ahalduntze prozesu baten hasiera izan daiteke. "Guk emakumeei baliabideak emanez, autonomia lor dezakete, gura dutenean korri egitera joan daitezen", adierazi dute.
Era berean, Emakume Korrikalarien Taldeko partaide diren emakumeen artean harremana sortzea eta sozializazio esparrua zabaltzea ere bada egitasmoaren helburua, "etxeko, familiako edo laneko esparrutik atera eta euren burua zaintzeko, taldearen berotasunean, gustuko duten zerbait eginez".
Osasun fisikoak eman dezakeen bizi kalitatetik hasita, kirolaren garrantziaren berri emango zaie parte hartzaileei, eta horretarako lanabesak ere eskainiko zaizkie. Ondoren, lasterketen munduan hastea edo ez euren esku egongo da. Etorkizunera begira, kirol sailetik talde egonkor bat osatzea aurreikusi da.
Datorren ikasturterako kronograma diseinatuta dago jada, eta lehenengo saioa irailaren 21ean izango da, 10:00etan, korrika egiteko teknikaren inguruan. Ondoren, urriaren 21ean, (saio aerobikoa), urriaren 26an (indar saioa kalean), azaroaren 16an (HIIT saioa), abenduaren 14an, (indar lana TRXarekin), urtarrilaren 11n (Bermeoko Herri Lasterketako ibilbidea) eta urtarrilaren 26an (Bermeoko Herri Lasterketa) izango dira hurrengo hitzorduak.
"Emakumea bazara eta korrika egitea gustuko baduzu, dagoeneko izena eman dezakezu kirol saileko bulego birtualaren bidez. Parte hartzaileek korrikan aditua den pertsona bat izango dute bidelagun, entrenamenduetan lagundu eta mota guztietako gomendioetarako", azaldu dute Bermeoko Udaletik.