Bilboko Udalak 'Bilboko Doinuak' izeneko ekimen aitzindaria jarri du martxan, hiriko auzoetako ongizate akustikoa hobetzeko asmoz. San Ignazio auzoan abiatutako proiektu pilotuaren helburu nagusia da jendea jabetzea eguneroko bizimoduan zein garrantzitsuak diren inguratzen gaituzten soinuak, eta, alderdi teknikoa ez ezik, emozioen arloa ere landu da, betiere ingurune akustiko orekatua eta osasuntsua lortze aldera.

'Bilboko Doinuak' proiektuaren xedea soinuen eta zaraten intentsitatearen analisi tradizionaletatik harago joatea da, soinu ingurunearen pertzepzio sozialaren dimentsioa sartuz. Ikuspegi berritzaile horri esker, batetik, soinu gogaikarriak eta arindu beharrekoak identifikatuko dira, eta, bestetik, soinu positiboak, komunitatearen ongizatean laguntzen dutenak eta indartu behar direnak.

"Inguratzen gaituzten soinuak funtsezko elementuak dira gure oreka pertsonalean eta kolektiboan. Proiektu honek aukera emango digu ulertzeko soinu inguruneak nola eragiten duen gure bizitzetan eta nola hobetu dezakegun gure bizi kalitatea ingurune akustiko atseginago bat izanda", azaldu du Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.

Proiektua San Ignazio auzoan txertatu da parte hartze bidezko prozesu baten bidez, eta komunitateak auzoko soinuak identifikatu eta baloratu ditu. Auzo elkarteek, ikastetxeek eta tokiko beste eragile batzuek osatutako talde eragile baten lankidetzarekin, diagnostiko teknikoa eta parte hartzailea egin da, eta, diagnostiko horri esker, hobeto ulertu ahal izan dira auzoko soinuak, era guztietakoak, eta soinu horiek biztanleengan sortzen dituzten emozioak.

"Otsailetik ekainera bitartean lan handia egin zen talde eragilearekin (El Canal auzo-elkartea, Jai Batzordea, Madre de Dios ikastetxea, EHU, auzokideak eta barrutiko kontseilariak). Gainera, bilbokodoinuak.eus online plataforma erabili zen parte hartze digital publikoa errazteko", zehaztu du Abetek.