URA Uraren Euskal Agentziak Guardiako (Araba) La Hoya erreka lehengoratzeko lanak amaitu ditu, 77.963,78 euroko inbertsioa eginda, eta, saneamendu kolektoreak jada bukatuta, Moredan (Araba) araztegi berriaren lanak ditu esku artean.

URAko iturriek jakinarazi dutenez, Guardiako La Hoya errekaren 300 metro lehengoratu dira uholdeetatik babesteko asmoz, ibaiertzeko erabileren segurtasuna areagotuta. La Hoya errekaren ur goraldiek, Guardiako herrigunetik ipar-mendebaldera, eragin esanguratsuak izan zituzten eskualdean, hiru upategiren instalazio urez betez ibilguaren bi ertzetan.

Beraz, handitu egin da upeltegien mugak zeharkatzen dituen La Hoya ibaiaren tartearen hustubide ahalmena, eta neguan ibaiertzeko landaredia berreskuratuko da 300 metro inguruko tartean. Gainera, Casa Primicia upeltegiaren inguruan, ibaiaren gaineko pasabide bat aldatu da.

Proiektu osoak 77.963,78 euroko inbertsioa behar izan du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa izan du.

Bestalde, Arabako Moredako araztegi berria egiteko lanekin darrai URAk, bertara herriko hondakin urak bideratzeko kolektore sarea jada bukatu eta gero. Saneamendu sare berriak euri urak eta hondakin urak bereiziko dituen sare bat osatuko du, eta horrela, euri uren saretik euri urak baino ez dira isuriko Horcajo errekara eta hondakin uren saretik hondakin urak baino ez araztegi berrira.

Moredako araztegi berriak hondakin uren tratamendu sekundarioa ahalbidetuko du, bai eta uren egoera onarekin bateragarria den ingurune urtarrera isurtzea ere. Azpiegitura berrirako sarbidea A-3226 errepidetik egingo da.

Araztegi berriaren lanen %35 eginda dago, eta 2.400 biztanle baliokide arteko hondakin urak tratatzeko diseinatuta dago, inguruko upeltegietako hondakin urak barne. Obrak abenduan amaituko dira eta 2,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, BEZa barne.