Barakaldoko Udalak (Bizkaia) sustatutako Hiriko Soinuak proiektuaren lehiaketan 143 artistak eman dute izena, iaz baino bat gehiagok. Jasotako 143 proposamenak sari nagusirako hautagai izango dira, eta horietatik 30ek Barakaldoko proposamenik onena izateko aukera dute, 46k euskarazko proiekturik onena izateko baldintzak betetzen dituzte (2023an 43) eta zortzik Berdintasun saria jasotzeko aukera izango dute (2023an 14). Gainera, izena eman duten 143 proiektuetatik 37 berriak dira 2023arekiko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, orain, izena emateko epea amaituta, epaimahai profesional batek erabakiko du zein artista igaroko diren finalera. Kategoria nagusiko eta Barakaldoko talderik onenaren eta Berdintasun kategorien bederatzi proposamen finalistek zuzenean joko dute irailaren 28an Barakaldoko San Bizente parkean egingo den doako finalean, eta epaimahai profesionalak zuzenean erabakiko du euskarazko artistarik onena.
Janire Lopez Sua taldeko kideak, Jon Asier Zubelzu Gaua Estudioko soinu teknikari titularra, Jonathan Martin Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Gotzon Uribe Bilboko Kafe Antzokiko programatzaile eta sustatzaileak osatuko dute epaimagaia.
Lehiaketako lau kategorietako proiektu irabazleak urriaren 25ean eta 26an arituko dira Barakaldoko Herriko plazan egingo den Hiriko Soinuak festibalean, estatu mailan izen handia duten taldeekin batera. Finala eta jaialdia doakoak izango dira.
"Hiriko Soinuak-en parte hartzearen zifrak egonkortu egin dira, sei edizioren ostean. Kontuan hartuta, beste lehiaketa batzuetan ez bezala, bi disko baino gutxiago argitaratu dituzten Euskadiko artistei bakarrik zuzenduta gaudela, oso balorazio positiboa egiten dugu parte hartzeari buruz eta, pixkanaka bada ere, urtez urte hazten jarraitzeari buruz", adierazi du Jonathan Martin Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak.
Era berean, azpimarratu du Barakaldoko artisten parte hartzea %20 ingurukoa izan dela. "Datu hori finkatzea lortu dugu eta oso azpimarragarria da, lehiaketaren helburuetako bat betetzen laguntzen baitigu. Beste albiste positibo bat da euskarazko artisten parte hartzea %22 handitu dela 2019ko lehen edizioarekiko", gaineratu du.