tifariti. Askatutako Lurraldean, hau da, Marokok 20 urtetan zehar eraiki duen horma amaibakoaren pare parean dagoan lurralde idor eta ezkutuan bizitzak badu bere tokia. Hamar mila nomadak hartu dute azken urteotan deserturik gogorrena, baina aurretik Polisarioren armada zegoen han, eta beraiekin batera mina-desaktibatzaileak.

Sahararrek hortxe eutsi zioten Marokoren azken oldarraldiari, gogor eutsi ere. Herri gutxi daude eremu horretan, eta borroka latzetan birrindutako etxe, tanke eta hegazkinez zipristinduta dago paisaia isila. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD) leku horretan du bere egoitza nagusietako bat, eta Polisarioren armadak kontrolatzen ditu 90.000 kilometro karratuak. Guztira ez dira 15.000 soldadu izango, zazpi eskualde-militarretan banatuta daudenak, eta harrigarria dirudi nola zaindu dezaketen hain eremu handia. Aurrez aurre dute 2.700 kilometroko horma eta armada marokoarra, eta bizkarrean Mauritaniako muga irekia. Zaila da desertuari mugak jartzea, eta horretaz aprobetxatzen dira Al Qaedakoak, baina momentuz ez da liskar handirik suertatu. "Jazarpen gutxi batzuk, baina garrantzizko istilurik ez", dio Alal Mohamed ofizial sahararrak. "Kapazak gara gure lurraldea zain-tzeko, eta nahikoa soldadu badugu. Besteak atzeguardian ditugu, behar beharrezkoa denerako, baina bitartean tontakeri bat da hona jende gehiago ekartzea. Nola mantenduko ditugu? Zer egingo dute?", azpimarratzen du Mohamedek.

Polisarioko soldadu denak boluntarioak dira eta horrek desertzioak ebitatzen ditu. "Baten batek etxera joan beharra badu, baimena eskatu eta familiarengana bidaltzen dugu", gaineratzen du ofizialak. Baina berak badaki desertoreak ez duela lekurik Tindufen, soldaduen familia ia gehienak bizi diren kanpamentuetan. Familiak berak baztertuko luke desertorea, sahararrentzat koldarkeria pekatu barkaezina baita. "Desertuan zaila da ezkutatzea, baina gu ez goaz gerrara ezkutatzera, gu borroka-tzera goaz", botatzen du harro-harro Alal Mohamedek.

44 hildako Mendebaldeko Sahara pertsonen kontrako minaz josita dago. Batzuk 100.000 daudela dioten bitartean, gehienek milioitik gora daudela onartzen dute. "Gure detektatzailerik onenak artzainak eta beraien ahuntzak dira", dio Mata Mulana Sidik ironia tanta bat erantsiz bere hitzei. Tifaritiko sektorea kontrolatzen du Sidik, eta bere gain ditu beste dozena bat desaktibatzaile, tartean emakume bi. Azken urteotan 80.000 metro karratu garbitu dituzte, lau bider Euskal Herri osoa. "Ez da erraza, euriarekin eta haizearekin lekuz alda-tzen baitira dunak, eta beraiekin minak", tamaltzen da Sidi. "Izerdia beroa izaten da gehienetan, ezta? Ba guri askotan izerdi hotza ateratzen zaigu", dio. Bakea sinatu zutenetik, 1991etik, 44 lagun hil dira Saharan minen erruz.