Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak bederatzi jarduera antolatu ditu Kirol bidean programako udazken-negua denboraldirako 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta, Negu honetan ez zaitez hotz gelditu! Mugitu zaitez eta eta Kirol Bideari ekin lelopean. Programa abenduaren 14tik martxoaren 15era bitartean egingo da, 536 plaza izango ditu, eta izen-ematea astelehen honetatik egin daiteke aurrez aurre edo udalaren webgunean.
Jarduera guztiak larunbat eta igandeetan egingo dira, "programaren hartzaile diren gazteek errazago parte har dezaten", Ana Lopez de Uralde Gasteizo Udaleko Kirol eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez.
"Udazken-neguko programazioa erakargarria da, berrikuntzak dituelako eta aurreko denboraldietan balorazio onena jaso duten jarduerei eusten dielako, gazteek denbora librean kirola egin dezaten eta kalitatezko aisialdia izan dezaten", azaldu du.
Aurtengo berritasun gisa, 'pickleball' jarduera antolatu da Abetxukuko kiroldegiko padel-pistan; pala kirola da eta tenis, padel, badminton eta ping-pongeko elementuak uztartzen ditu. Gainera, orientazio jarduera berreskuratu da, eta bertaratzen direnak Armentiako basoko toki zehatzetara iritsi ahal izango dira mapa eta iparrorratz banaren laguntzarekin.
Bestalde, elur jarduerak Huescako Candanchu eski estazioan egingo dira, hala nola snowboard eta elur erraketak kasu, eta eski nordikoa eta neguko mendi teknika Nafarroako Roncalia estazioan. Gainerako jarduerak Araban egingo dira: izotz gaineko kirolak Bakh-en egingo dira, kirol eskalada Salburua gizarte etxean, eta espeleologia Mairuelegorretako kobazuloetan.
Izena emateko epea astelehen honetan ireki da udalaren webgunearen bidez eta aurrez aurre gizarte etxeetan, udal kiroldegietan eta Gazteen Informazio Bulegoan. Udalaren kirol instalazioetako abonatuek 2,62 eta 39,09 euro artean ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 4,37 eta 65,15 euro artean (bi kasuetan, jarduera motaren arabera).