Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak iragarri du Trafikoko Udal Zerbitzuak oinezkoentzako pasabide adimendunak jarriko dituela hiriko beste lau kokalekutan. Jarduera Mobility LABekin batera bideratzen ari da eta Arriagako Kofradia kalean dagoenaren antzeko pasabideak izatea ahalbidetuko du.

Hain zuzen, 2023aren hasieran LED argiztapena instalatu zen Arriagako Kofradia kaleko asfaltoaren gainean, automatikoki aktibatzen dena pertsonak pasabidea gurutzatzen ari direla detektatzen duenean. "Ekimen positiboa da, ondo funtzionatu du eta orain beste lau puntura zabaldu nahi dugu", adierazi du Gurtubaik.

Horrela, Agirrelandan semafororik gabeko pasabide bakarra argituko da, Jose Atxotegi kalean Txagorritxu erietxearen aurreko pasabidean esku hartuko da, Jacinto Benavente kalean Eskolapioen aurreko zirkulazio erreian, eta Gaztelako Atean BEI linearen bidegurutzeko biribilgunearen aurretik, hirira sartzeko noranzkoan.

Pasabide adimendunak jartzeaz gain, beste 22 lekutan segurtasuna hobetzea ere planteatu da. Horretarako, oinezkoentzako igarotze seinale argidunak jarriko dira, gurutzatzen ari diren pertsonen presentziaren sentsorearekin (pertsona horiek detektatzen dituztenean pizten dira).

Jarduera hori gehituko zaie duela gutxi Trafikoko Udal Zerbitzuak oinezkoentzako hainbat pasabideren segurtasuna hobetzeko egin dituenei, hala nola, Paula Montal kalean oinezkoentzako pasabide batean semaforoa jartzea, Maite Zuñiga kalean oinezkoentzako pasabide batean semaforoa jartzea Virgen Niña ikastetxearen parean, BEI erreian semaforoa jartzea Jacinto Benavente kalean (Eskolapioen ikastetxearen aurrean), oinezkoentzako bidea estutzea Bremen kalean, eta Zabalgana etorbideko oinezkoentzako pasabidea estutzea Ozeano Barea kalearekiko bidegurutzean.