Gasteizko Udalak Hazitegi komertziala programa jarri du martxan, hiriko ekintzaileek beren saltokia ezarri ahal izateko lokalak "baldintza oso onuragarrietan" eskuratzeko aukera izateko. Udal gobernuak EH Bildurekin hitzartu duen aurrekontu akordioari esker antolatu da ekimena, 100.000 euroko aurrekontuarekin.

Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak prentsa agerraldia egin dute astelehen honetan proiektu berria aurkezteko.

Horrela, egitasmoaren lehenengo fasean, merkataritza sektorean ekin nahi duten pertsonen eskura jarriko dira Hedegile kaleko 38 eta 40 zenbakietan dauden bi lokal, edozein jarduera komertzial jarri ahal izateko moduan egokitu eta ekipatu ondoren. Alderdi teknikoak osatuta, deialdi baten bidez ezarriko dira interesdunek bete beharreko baldintzak.

Guneak eskuratzen dituztenek negozio ideia probatu eta esperientzia hartu ahal izango dute. Era berean, lokaletako erabiltzaileek aholkularitza izango dute jarduera berriaren lehen urratsetan laguntzeko.

Nanclaresek nabarmendu duenez, "merkataritza sektoreko enpresen hazitegia proiektu pilotu berritzailea eta integrala da eta, horren bidez, kalean bertan dauden lokalak berraktibatuko ditugu, gure hiriko ekintzaileek merkataritza erabilera eman diezaieten".

Bestalde, Salazarrek azaldu du ekimenaren helburua dela "Gasteizko merkataritza egitura biziberritzea eta saltoki berriak irekitzea bultzatzea". "Izan ere, lehen hilabeteen ondoren, saltoki batek bere jarduerarekin aurrera jarraitzeko aukerak handitu egiten dira erraztasun egokiak eskainiz gero", gaineratu du.

Hazitegi Komertziala ekimena Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren merkataritza lokalak dinamizatzeko programaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzen du.

Ekintza berriaz gain, proiektuak beste hainbat ere jasotzen ditu, hala nola 200.000 euroko zuzeneko laguntzen lerroa Alde Zaharrean eta Zabalgunean lokalak errentan hartzeko. Horren bidez, ekintzaileei laguntza eman nahi zaie lokal komertzial baterako sarbidea izateko garaian.