Gasteizko Udaleko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 2024ko Suteen Prebentziorako Astea antolatu du asteartetik igandera, irailaren 24tik 29ra, Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin eta Mapfre Fundazioarekin lankidetzan, eta egitarauak biltzar profesional bat, dibulgazio jardunaldiak eta kalean egingo diren jarduerak barne hartuko ditu.
Aurkezpenean azaldu dutenez, gizartea suaren arriskuez sentsibilizatzeko eta etxean gertatzen denean zer egin behar den jakiteko prestakuntza espezifikoa eskaintzeko asmoz antolatu da Suteen Prebentziorako Astea.
Beste jarduera batzuren artean, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko profesionalek herritarrei erakutsiko diete nola itzali sukaldeko zartagin batean piztutako sua, berogailuen erabilera desegokiak ekar ditzakeen arriskuak edo gailu mugikorrak, ordenagailuak edo patineteak kargatzeko garaian kontuan hartu beharreko neurriak, besteak beste. Era berean, Osakidetzako ordezkariek herritarrei zuzendutako tailer guztietan parte hartuko dute.
Etxebizitzetako suteak dira, oraindik ere, Gasteizko suhiltzaileen esku hartzearen ardatz nagusietako bat. Iaz, esate baterako, suhiltzaileek 661 esku hartze egin zituzten suteen eta leherketen ondorioz, eta horietatik 159 etxebizitzetako suagatik izan ziren, 2022an baino bederatzi kasu gehiago.
"Suteen Prebentzioaren Astearekin bi alderdi lantzen dira: profesionala, gaiari buruzko azken ezagutza teknikoak eguneratuta, eta soziala, suak eragindako larrialdietan nola jokatu behar den azaltzeko gomendio nagusiak herritarrei helarazita. Askotan, nahikoa da jarraibide oso zehatz batzuk izatea sute baten aurrean behar bezala erantzuteko, eta ahalik eta ahalegin handiena egin behar dugu horiek zabaltzeko", adierazi dute.