Udalbatzak gaur goizean berrikusi ditu urtero egiten duen bisitan udal-mugartea zehazten duten mugarriak. Bisita horretan, Gasteizen mendi eta lursail publiko guztietako arre, belar eta uren gaineko eskubideak eta aprobetxamenduak dituen espazioa ikusi dute, hari atxikitako herriekin batera. Hitzordurako zehaztutako orduan, goizeko 08:00etan, Udalbatza Plaza Berritik abiatu da 1. mugarrirantz, Andollurantz.
Gasteizko administrazio-batzordeetako ordezkariek, alkateak eta zinegotziek 11 kilometroko ibilbidea egin dute eta, bertan, Andollu eta Okina arteko 38 mugarriak bisitatu eta 14 kontzeju zeharkatu dituzte
Aurten, Gasteizko administrazio-batzordeetako ordezkariek, alkateak eta zinegotziek 11 kilometroko ibilbidea egin dute eta, bertan, Andollu eta Okina arteko 38 mugarriak bisitatu eta 14 kontzeju zeharkatu dituzte. Ibilbidea nahiko zaila da, malda handiak baititu, baina baita paisaia arloko edertasun handia ere.
Mugarri edo zedarri horietara egindako bisita, eguerdiko ordu batean amaitu dena, izaten da Olarizu Eguneko lehen ekitaldietako bat. Hain zuzen ere, jai horrekin egiten zaio agur Gasteizko udari, eta ikasturte berriari hasiera eman. Arratsaldean, eta jai-giroko egitarauarekin aurrera jarraituta, Olarizuko Etxaldeko zelaietan jarduera ludiko eta gastronomikoak egingo dira. Horietako batzuk izango dira ohiko babarrun-jana, herri-kirolak edo dantzak. Ekitaldiak iluntzeko 20:00etan amaituko dira Udalbatza Plaza Berrira itzultzen denean. Alboan izango dituzte Udal Musika Banda, txistulariak, atabalak, trikitilariak, panderojoleak, gaiteroak eta danborrak, eta buruhandi eta erraldoien konpartsa.