“Gasteizen, modernizatzeko eta zerbitzu publiko hobea eskaintzeko lan egiten duten taxi-gidarien kolektiboa dugu. Baliabide berri honek agerian uzten du lehiakorrak izaten eta gasteiztarren bizitza errazteko urrats berriak ematen jarraitu nahi dutela”. Hitz hauekin agertu da gaur Raimundo Ruiz de Escuderok, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak App berri bat aurkezteko.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, Smartphone gailuetarako aplikazio berri bati esker, Gasteizen taxiak eskatzeko aukera egongo da. Radio Taxi Gasteizek eta bertako TAXICOIN startupak elkarlanean prestatutako app-ari esker, taxi-zerbitzua erraz eskatu, ibilaldiaren kostua aurrez ikusi eta ibilbidea geolokalizazio bidez markatu ahal izango da, beste hainbat abantailaz gain. APP TaxiCoin aplikazioa dagoeneko deskargagai dago eta martxoaren 14 inguruan hasiko da Arabako hiriburuan zerbitzua eskaintzen. Etorkizunera begira, startuparen helburua izango da beste udalerri batzuetan funtzionamenduan jartzea.

RadioTaxikoek nabarmendu dutenez, “Taxicoin aplikazioaren helburua da Gasteiz hirian taxia eskatzeko modu berri bat eskaintzea. Izan ere, batez ere gazteenek eskatzen duten zerbait da eta, gainera, ibilaldiaren prezioa ezagutzeko aukera izango dugu jatorriko eta helmugako datuak sartzen baditugu”.

TaxiCoineko Alain Mateok adierazi duenez, bere startupa tokiko enpresa da, “taxiaren sektorearekin konprometitutakoa, eta aplikazioak berrikuntza eta sektorearen bilakaera bultzatzen ditu erabiltzailearen esperientzia, teknologia eta tokiko saltokiekiko lankidetzak hobetuta. Hala, garraio publikoaren erabilera sustatu nahi da, taxi-gidariei, taxi arloko elkarteei eta irrati-emisoreei, herritarrei eta hiriari balioa emanda”.