Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioak %0,5 jaitsi dira irailean aurreko hilaren aldean, eta horrela, azken 12 hilabeteetan industriaren prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duen urte arteko tasa %6,5 murriztu da, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.
Azterketa zehatzagoa eginda, irailean aurreko hilaren aldean beherakadarik handienak izan dituzten sektoreak kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak (-%5,4) eta informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioa (-%1,2) izan dira. Aitzitik, zuraren, paperaren eta arte grafikoen industria (%1,3) eta kautxu produktuen, plastikoaren eta metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa (%0,7) sektoreetan izan dira igoerarik handienak prezioetan hiletik hilera.
Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraikiz, aurreko hilaren aldean, energiaren prezioak %3,4 jaitsi dira irailean, eta kontsumo ondasunenak %0,3; bitarteko ondasunen prezioak, aldiz, %0,1 igo dira, eta ekipamenduko ondasunenak ez dira aldatu.
Urte arteko datuetan, prezioen jaitsierarik handienak energia elektrikoa, gasa eta lurruna (-%26,5) eta kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak (-%26,1) adarretan izan dira, eta urte igoerarik handienak erauzketa industriak (%7,6) eta garraio materialaren fabrikazioa (%3,6) adarretan.
Azkenik, helburu ekonomikoaren araberako ondasun talde handien prezioen urte arteko aldakuntza negatiboa izan da energian, %30,2ko jaitsierarekin, baita bitarteko ondasunetan ere, %0,4koarekin. Kontsumo ondasunen prezioak %0,7 igo dira urte artean, eta ekipamenduko ondasunenak %1,9.