Uztailera arte metatutako dirubilketa 1.310,7 milioi euro izan da. Zenbateko hori 2023ko uztailean lortutakoaren antzekoa da, eta, beraz, diru-bilketak ez du ehuneko igoerarik izan aurreko urtekoaren aldean.
Kopuru absolutuetan, 2023an baino 273.000 euro gehiago bildu dira.
Bildutako guztizkoa zuzeneko zergen bidez lortutako diru-sarreren emaitza da (% 2,9ko gehikuntza kontabilizatu dute), bai eta zeharkako zergen bidez lortutako diru-sarreren emaitza ere (% 3,9ko jaitsiera). Azken horien portaera aldatu egin da.
“Aurtengo diru-bilketa metatuan islatutako datuak erakusten du joera aldatu egin dela aurreko hilabeteekin alderatuta. Bi gertakarik eragin dute aldaketa hori. Alde batetik, mutualitateei buruzko epaien aplikazioari dagozkion itzulketak egin dira, eta horrek eragin nabarmena izan du dirubilketan. Eta, bestetik, BEZari dagokionez, Foru Ogasunari berari dagokion kudeaketak oso portaera positiboa izan du, eta ez dira beste lurralde batzuetatik datozen BEZaren doikuntzak egin", azaldu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak.
ZERGABILKETA, GUZTIRA
Zuzeneko zergetan lortutako % 2,7ko igoerari esker, 601 milioi euro biltzea lortu da, aurreko ekitaldian baino 15,7 milioi gehiago.
Zeharkako zergetan, 556,1 milioi euroko dirubilketa izan da eta, beraz, % 3,9ko jaitsiera gertatu da. Zehazki, kontzeptu hori dela eta 22,3 milioi euro gutxiago bildu da.
Bestalde, Estatuarekiko egokitzapenak direla eta 148 milioi euroko ekarpena izan da, iaz baino 6,2 milioi euro gehiago.
Zuzeneko zergak: 601 milioi euro (% 2,7)
PFEZ: 499,7 milioi (% 2,2)
Laneko atxikipenak kontzeptuaren portaera ona nabarmentzen da oraindik ere, % 7,1eko igoera izan baitu aurreko urtearekin alderatuta, eta, beraz, PFEZren diru-bilketa 499,7 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino 10,8 milioi euro gehiago.
Errenta kanpainaren emaitzei dagokienez, igoera izan da itzulketetan, diru sarreren aldean. Kontuan eduki behar da zerga hori bi epetan ordaindu daitekeela, eta orain arte ez dela kobratu lehenengoa baino.
Itzulketen zenbatekoa, diru sarreren aldean, hazi egin da: iaz baino % 67,1 handiagoa izan da. Horiek horrela, PFEZaren kuotetan 93,4 milioi euroko zenbatekoa itzuli da; iaz, 55,9 milioi euro itzuli ziren.
Itzulketen zenbatekoa handitu da, alde batetik, Auzitegi Gorenak mutualitateei buruz emandako epaiak aplikatu direlako. Eta, bestetik, 2023ko ekitaldian berriro ezarri zitzaielako jarduera duten zergadunei ordainketa zatikatuak sartzeko nahitaezkotasuna. Horren guztiaren ondorioz, kolektibo horrek aurreko urteetan baino itzulketa handiagoak jaso ditu.
PFEZaren bidez 499,7 milioi euro bildu dira guztira; hots, iaz baino % 2,2 gehiago; zehazki, 10,8 milioi euro gehiago.
Sozietateen gaineko zerga: 57,7 milioi (% 2,3)
Ziurtagiriak erakusten duenez, iaz baino 1,2 milioi euro gehiago bildu dira. Horrek esan nahi du zenbatekoa 55,7 milioi eurora heldu dela, iaz bildutakoa baino % 2,3 gehiago.
Uztailaren 25ean amaitu den zerga horren kanpainaren emaitzak abuztuko ziurtagirian jasoko dira.
Zeharkako zergak: 556,1 milioi euro (-% 3,9)
Zerga horiek osatzen dituzten bi kontzeptu nagusien bilketak behera egin du iazkoaren aldean. Bai BEZak bai hidrokarburoen gaineko zergak 27,8 eta 6 milioi euro gutxiago bildu dituzte, hurrenez hurren.
BEZaren dirubilketa 355,9 milioi eurora iritsi da, eta % 7,3ko jaitsiera izan du. Hidrokarburoen gaineko zerga, berriz, 125,1 milioi eurora iritsi da, iaz baino % 4,6 gutxiago.
BEZa: 355,9 milioi euro (-% 7,3)
Guztira 27,8 milioi euro gutxiago bildu dira iaz baino. Hortaz, 355,9 milioi euro bildu dira zerga horren bidez.
BEZa bi kontzeptuk osatzen dute. Alde batetik, Foru Ogasunari berari dagokion kudeaketa, zeina oso positiboa izan baita.
Hala ere, BEZaren diru-bilketaren bigarren osagaiak beherakada izan du, beste lurralde batzuetatik datozen BEZaren doikuntzengatik. Jaitsiera horrek BEZaren bilketa osoa ekarri du, eta, oro har, %7,3 jaitsi da, hau da, 28 milioi euro.
Hidrokarburuak: 125,1 milioi euro (-% 4,4)
Zerga horren dirubilketa metatua 125,1 milioi euro da, hau da, 4,6 milioi euro gutxiago bildu dira, alegia, % 4,4 gutxiago, iazkoarekin alderatuta.