- Arrantza industriak sortzen dituen hondakinak oinarri biologikoa duten ongarri bihurtzeko proiektua koordinatzen ari da Neiker, euskal zentro teknologikoa. Arrantza eta akuikulturako hondakinei balioa ematea da Sea2land Europa mailako proiektuaren helburua, horretarako, oinarri biologikoko ongarriak ekoizteko prozesu berritzaileak erabiliz. Ekimen hau, Europako Batasunak zein Eusko Jaurlaritzak sustatutako estrategiaren barruan dago. Hau da, baliabide biologikoetan oinarritutako ekonomia sustatzen du etorkizuneko eredu ekonomikoa bezala. Proiektu honek 8,8 milioi euroko aurrekontua du. Elikagaien ekoizpenarekin, klima-aldaketarekin eta hondakinen berrerabilpenarekin lotutako erronkak gainditzen lagunduko duten irtenbideak eman nahi ditu proiektuak hondakin organikoen fluxu horiek erabiliz. Hamaika herrialdetako hogeita sei bazkidek parte hartzen dute.

Europako Batasuneko arrantza eta akuikultura industriak 5,2 tona hondakin sortzen ditu urtero. Beste alde batetik, munduko arrantza industriak 20 milioi tona azpiproduktu baino gehiago sortzen ditu eta horietako gehienak bota egiten dira. Ez zaie etekinik ateratzen. Arrantza ontziek harrapatutako arrainaren laurden bat bazertu egiten da. Nahi gabe harrapatutako espezieak edota arrainaren pozesamendu industrialaren beste hondakin batzuk be multzo horretan sartzen dira. Hondakin horiek aprobetxatuz gero, nekazaritzarako 1,8 milioi tona nitrogeno berreskuratu ahal izango lirateke.

Hondakin horiek mineralak dituzte, hala nola nitrogenoa, fosforoa, potasioa, burdina, kobrea edo zinka, baita bitaminak eta beste konposatu batzuk ere, nekazaritza-ekoizpenerako berreskuratu eta erabil daitezkeenak. Horretaz gain, azpimarratzekoa da Europan erabiltzen diren ongarrien %80a iturri fosiletatik eta energia kopuru handiak behar dituzten prozesu industrialetatik datorrela. Berriztagarriak ez diren iturrietatik ere lortzen dira ongarriak, fosforotik hain zuzen ere. Egun, funtsezko osagarria da nekazaritzarako Europako Batasunak material kritiko gisa sailkatua izan arren.

Deigarria bada ere, Europako nekazaritza kanpoko iturrien menpe dago -neurri handi batean behintzat- funtsezko ongarri horiek eskuratzeko. Bestalde, nabarmentzekoa da mineral kopuru handiak isurtzen direla ingurumenera, arrantza-industriako hondakinak tartean direla.

Bioekonomiaren aldeko apostua egiten dute Bruselatik zein Eusko Jaurlaritzatik. Bioekonomia baliabide biologiko berriztagarrien erabileran oinarritzen da, eta eredu ekonomiko tradizionala aldatzen saiatzen da. Ondasunen hornidura bermatzeaz gain baliabide naturalen kontserbazioaren alde egiten du. Filosofia horren barruan, funtsezko neurrietako bat da ekoizpen-sistemetan sortutako produktu guztiak aprobetxatzea, eta, ahal den neurrian, "hondakin" kontzeptua desagerraraztea lehengai berri bat bilakatuz.

SEA2LAND proiektuak teknologiak optimizatuko ditu (konpostaje aurreratua, biolehorketa, kontzentrazioa eta izozte bidezko erauzketa, algen ekoizpena, pirolisia, mintzen teknologia, kitinaren erauzketa, zatikapen termomekanikoa, hidrolisi entzimatikoa), eta oinarri biologikoko eta neurrira egindako ongarriak sortuko dituzte, tokiko nekazaritzarentzat zein esportaziorako.

Proiektuaren oinarria bio-ongarrien ekoizpena da Europa osoan jar daitezkeen planta pilotuak garatuz. Hamar teknologia baino gehiago aplikatuko dituzte zazpi azterketa-kasutan eta arrantza-sektorean adierazgarri diren sei esparrutan, Iparraldeko itsasoan, Baltikoan, Atlantikoan, Kantauri itsasoan, Mediterraneoan eta Adriatikoan.