Inoiz baino antxoa gehiago aurkitu dute Kantaurian

330.000 tn daudela ondorioztatu du AZTI zentroak egindako kanpainak

30.06.2020 | 03:13
Antxoaren populazioa inoiz baino osasuntsuago dago. Argazkia: Ramon Basaldua

bermeo –Antxoaren populazioa inoiz baino osasuntsuago dago Bizkaiko Golkoan Azti erakunde teknologikoak egindako ikerketaren azken emaitzen arabera. Izan ere, Bioman kanpainatik ateratako ondorioek diotenez, 330.000 tona antxoa zegoen itsasoan aurreko maiatzean. Aztik 1987tik ikertzen du urtero espezie honen stocka Bizkaiko Golkoan eta biologoek inoiz baino antxoa gehiago aurkitu dute aurten. Espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balioa 21.000 tonako dela kontuan izanda, esan beharrik ez dago bokartaren ugaritasuna inoiz baino handiagoa dela. "Azken bost urteetan lortutako datuak onak baziren ere, 1987an Bioman kanpainaren serie historikoa hasi zenetik, inoiz ez da aurtengo emaitza bezalakorik izan", adierazi dute Aztiko arduradunek. Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Rogelio Pozo, Aztiko zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak.

Bioman kanpaina Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Gainera, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza du, Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoak utzi baititu kanpaina egiteko.

Bildutako datuak Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluan (ICES) aztertuko dituzte urte amaieran. Frantziako itsas ikerketarako IFREMER institutuak urtero egiten zuen Pelgas kanpaina bertan behera utzi ondoren, antxoaren egoera zehazteko eta 2021ean harrapaketei buruzko gomendioak egiteko eskuragarri dauden datu zientifiko bakarrak Bioman eta Juvena kanpainetan bildutakoak dira, arrantza ontziek lortutako harrapaketekin batera. "Aurtengo Bioman kanpaina erronka handia izan da guretzat, osasun-larrialdia dela eta; izan ere, aparteko neurriak aktibatu behar izan ditugu azterlanean parte hartu duten taldeen osasuna bermatzeko. Nolanahi ere, euskal arrantza-sektorearen eta Kantauri osokoaren ekonomiaren oinarrietako baten iraunkortasunaren aldeko konpromisoa funtsezkoa izan da kanpaina hau gauzatzeko erabakia hartzeko", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. "Ez dezagun ahaztu -gaineratu dute- 1.000 arrantzaleri eta 3.000 pertsonari lana ematen dien sektorea dela herritarrei elikagai osasungarri bat eskaintzeko".

Beste alde batetik, azken urteetako kanpainetan jasotako datuen arabera, adinaren araberako antxoaren tamaina gero eta txikiagoa da. Antxoaren pisua 2,5-3.3 gramo jaisten ari da hamarkadako. Murrizketa hori faktore ugariren ondorio izan liteke. Alde batetik, azken urteetan izandako erreklutamendu handiak direla eta, hazkundea moteldu egin daiteke bizirik irauteko lehia dela eta. Bestalde, ingurumen-faktore egokiek arrain gazte txikien biziraupen erlatiboa areagotu dezakete, ale gazte handien kaltetan, neurri txikiagoa eraginez. "Gainera, badakigu itsasoko uraren tenperaturaren igoerak arrain txikiagoak eragiten dituela" gaineratu dute Aztitik.

Azkenik, 2020ko antxoaren kanpainak utzi dituen datuen berri eman du Jaurlaritzak. Euskal ontziek 4.600 tona harrapatu dituzte aurten, aurreko urtean baino ia 4.000 tona gutxiago. Une honetan hegaluzetan ari dira Euskadiko baxura flotako ontzi guztiak .

bioman kanpaina

330.000 tona. Bioman kanpainatik ateratako ondoriek diotenez, 330.000 tona antxoa zegoen aurreko maiatzean. Aztik 1987tik ikertzen du urtero espezie honen stocka Bizkaiko Golkoan.

Inoiz baino gehiago. Kanpainaren serie historikoa hasi zenetik, inoiz ez da aurtengo emaitza bezalakorik izan, adierazi zuten Aztiko arduradunek.

Tamaina txikia. Azken urteetan kanpainetan jasotako datuak arabera, adinaren araberako antxoaren tamaina gero eta txikiagoa da. Antxoaren pisua 2,5-3,3 gramo jaisten ari da hamarkadako. Murrisketa faktore ugariren ondorioa izan liteke.