-Euskadiko pentsioak 559.690 izan dira ekainaren 1ean, 2019an baino % 0,24 gehiago. Jasotako batez besteko zenbatekoa 1.256 eurokoa izan zen, orain urtebete baino % 1,99 handiagoa. Pentsioen gastua, guztira, 702,14 milioikoa izan zen Euskadin. Aurreko hilabetearekin alderatuta EAEko batez besteko pentsioa % 0,07 igo da ekainean, Lan, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak emandako datuen arabera.

Lurraldeka, eta urte arteko tasari dagokionez, Araban eta Gipuzkoan pentsioen kopuruak %0,51 egin du gora bi kasuetan; Bizkaian, aldiz, pentsioen kopuruak behera egin du, 2019ko hilabete berarekin alderatuta %0,01 besterik ez bada ere. Bizkaian guztira 291.539 pentsio daude, 190.283 Gipuzkoan eta 77.868 Araban.

Euskadin jasotako batez besteko pentsioa 1.256 eurokoa izan da ekainaren 1ean, 2019ko ekainekoa, berriz, 1.231 eurokoa zen. Erretiro-pentsioaren kasuan, batez bestekoa 1.429,39 eurokoa da hilabete honetan.

Lurraldeka aztertuta, batez besteko handiena Araban jasotzen dute: 1.277 euro, 2019an baino %2,03 gehiago; Bizkaian, 1.267 eurokoa da (+1,95); eta Gipuzkoan, 1.229 eurokoa (+2,05).

Euskadin jasotako 559.690 pentsioak Espainiako sistema osoaren % 5,74 dira. EAEko batez besteko erretiro-pentsioa 1.429 eurokoa da, eta Espainiako txikiena Extremadurakoa, 937 eurotan dago. Estatuan 9.754.740 pentsio ordaindu ziren ekainaren 1ean, maiatzean baino 603 gehiago (+0,22). Espainiako batez besteko pentsioa hilean 1.011 eurotan dago; erretirokoa, berriz, 1.161 eurotan dago, aurreko urtean baino % 2,1 handiagoa. Bestalde, batez besteko alarguntza-pentsioa hilean 725,61 eurokoa da. Sistema osoaren batez besteko pentsioa, mota guztiak barne hartzen dituena (erretiroa, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna, zurztasuna eta senideen aldekoa), hilean 1.011,03 eurotan kokatu da ekainean; beraz, urte batetik bestera % 2,03 igo da.