Bermeo - 2019ko hegaluzearen arrantzaldia oparoa izan da Euskadiko baxura flotako arrantzaleentzat. Guztira, 7.630 tona sartu dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan ekainetik abuztuaren 27ra arte. Datuok azken urteetako onenen artean egon arren - 2017an 6.322 tn eta 2016an 6.118 tona saldu ziren- aurreko urtean baino 800 tona gutxiago sartu dira aurten Euskadiko portuetan, %9,4ko jaitsierarekin. Porturatutako arrainaren balioari dagokionez, 26,7 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %12,2 gutxiago. Lehen salmentan izandako batez besteko prezioa 3,51 eurokoa izan da, aurreko urtean baino 11 zentimo merkeagoa. “Kanpaina ona izan da inolako zalantzarik gabe. Aurten, iaz bezala, arrain asko sartu da Bizkaiko Golkora eta harrapaketa onak lortu ditugu. Zoritxarrez, aurten ere arrantzaldia bertan behera uztera derrigortu gaituzte kuota agortuta” adierazi diote DEIAri Bizkaiko kofradietatik.
Portuz portu aztertuta, Getariakoa izan da aurten ere hegaluze gehien jaso duena, 3.571 tona hain zuzen ere. Batez besteko prezioa 3,53 eurokoa izan da eta arrainaren balioa 12,6 milioi eurokoa. Aurreko urtean, 3.904 tona sartu ziren Getarian, 3,63 eurotan saldu zen kiloa eta arrainaren balioa 14,1 milioi eurokoa izan zen. Hondarribian 2.158 tona hegaluze jaso dituzte aurten, iaz baino 775 tona gutxiago. Getarian eta Hondarribian jasotako ia arrain guztia kainabera eta beita bizia erabiltzen duten ontziek porturatutakoa izan da. Bermeok, berriz, kazan jarduten duen flotaren deskargak jaso ditu, 847,5 tona hain zuzen, 2018an baino 190 tona gehiago. Kiloaren batez besteko prezioa 3,55 eurokoa izan da eta arrainaren balioa 3 milioi eurokoa. Ondarroako kofradiari dagokionez, 741 tona hegaluze saldu ditu 3,52 eurotan kiloa. Azkenik, 305 tona sartu dira Pasaiako portuan.
Arrantzaldiaren kudeaketa arduratsua Espainiako banderapean arrantzan egiten duen flotak 16.515 tona hegaluze harrapatzeko aukera izan du 2019an. Aurreko urteko kuotarekin alderatuz, 1.500 tona gehiago izan dute aurten. Kuota igoera horrek, baina, ez du kanpainaren luzapena ekarri. Izan ere, aurreko urtean abuztuaren 23an itxi zuen gobernuak arrantzaldia kuota agortu zutelako eta aurten arrantzaleek hiru egun beranduago utzi behar izan zioten hegaluzea arrantzatzeari, harrapatu beharreko guztia harrapatu ostean. Espainia mailan iaz baino hegaluze gehiago sartu arren, Euskadin harrapaketek beherakada izan dute. “Aurten inoiz baino ontzi gehiago aritu izan dira hegaluzetan Kantauri itsasoan. Normalean beste espezie batzuk arrantzatzen ibiltzen diren ontzi askok hegaluzea harrapatzeari ekin diote arrain sardak kostaldetik hurbil zeudela baliatuta” salatu dute euskal arrantzaleek.
Etorkizunean arazo honi aurre egite aldera, Gipuzkoa eta Bizkaiko kofradietako ordezkariek garbi dute Espainiako gobernuak kuotaren banaketa egin behar duela egun hegaluzea arrantzatzeko baimenduta dauden ontzien artean. “Hegaluzea arrantzatzeko baimenduta dauden ontzien zerrenda zarratu egin behar da eta kuota banatu beste espezie batzuekin egin duten legez. Hegaluzearen arrantzaldia oso garrantzitsua da eta izan da beti gure flotarentzat eta kudeaketa arduratsua egiteko eskatzen diogu administrazioari” diote euskal kofradietatik.Beste alde batetik, arrantzaleek hitzordu garrantzitsua dute datorren azaroaren 18tik 25era Mallorkan egingo duten Atlantikoko Atunaren Zaintzarako Batzordearen urteko bilera nagusian.
Izan ere, batzar horretan erabakiko da datorren urterako hegaluzearen harrapaketa topea eta arrantzaleek igoera bat eskatu dute aurten zein iaz izandako arazoak ekiditeko asmoz. “Badakigu ez dela erraza izango baina kuota handitzeko eskatuko dugu. Hegaluzearen gainean egindako azken ikerketek garbi erakusten dute baliabidea egoera osasuntsuan dagoela eta harrapaketa topearen igoera batek ez luke arriskuan jarriko. Ikerketez gain, arrantzaleek arrain asko aurkitzen dute itsasoan eta horixe da daturik garbiena” diote kofradietatik.
26,7
Porturatutako arrainaren balioari dagokionez, 26,7 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %12,2 gutxiago. Edozein kasutan, “kanpaina ona izan da inolako zalantzarik gabe”, esan dute kofradietatik.