gasteiz - Arabaen gero eta saltoki, enpresa eta era guztietako entitate gehiago ari dira euskaraz lan egiten; asko dira hizkuntza txertatu eta sustatzeko egunero ahalegina egiten dutenak, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten. Horien eredua aintzat harturik, abentura horretan murgildu nahi duten enpresei bidea erakutsi nahi diete, seguru asko batzuk ez baitute jakingo nondik hasi edo zer egin euskaraz lan egiteko.

Azken 20 urteotan Arabako gizartea izugarri eraldatu da euskarari dagokionez. Bai hezkuntzan, bai kalean eraldatzen eta moldatzen joan diren heinean, enpresa munduan ere pausoak ematen ari dira. Gaur egun, Araban 150 enpresa inguru ari dira euskara-kontuekin lan egiten.

Lanabeseko talde eragileak enpresei zuzenduriko jarraibideen gida bat eskaintzen du, euskararen ibilbidea egin nahi duten enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen baliabide gisa, enpresetako euskararen aktibazio eta erabilera errazagoa izan dadin.

Eta zer da Lanabes? Lanabes - Araban Euskara Lanean egitasmoaren helburu nagusia da Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak.

Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.

Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea, eta euskara sustatzea dira Lanabes proiektuaren helburu nagusiak. Horretarako hiru lan-ildo adostu dira: Lanabes gidatu duen taldeari segimendua eta zabalkundea ematea; Arabako sektore sozioekonomikoa euskararen erabileraz sentsibilizatzea; eta era guztietako entitateak eta pertsonak inplikatzea Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko.

praktika eredugarriak Zeintzuk dira praktika egokiak eta eredugarriak? Zer egin beharko luke egoki jardun nahi duen entitateak? Lau eremutan jaso dute euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea: pertsonen hizkuntza gaitasuna. Ahozko eta idatzizko harrera; irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia; kanpo harremanak; eta barne harremanak. Adibide eredugarrietan oinarriturik, 20 jarraibide aipagarrienak nabarmendu nahi izan dituzte, enpresei euskarazko zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiteko bidea samurtzeko asmoz.

Horiek praktika onak dira Lanabes egitasmoaren ustez, jardunbide eredugarriak. Besteak beste, kontutan hartzekoak dira: enpresetan zerbitzua eta lana euskaraz izatera iristeko ibilbidea zehaztea, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez; lanerako baliabideek (softwareak, dokumentazioak?) euskaraz lan egiteko aukera bermatzea; bezeroak euskaraz artatuak izatea, aurrez aurre, telefonoz eta on line; eta kontratatutako zerbitzuetako pertsonek ere (aholkularitzek, segurtasun zaindariek, telemarketingekoek?) euskaraz aritzeko gaitasuna izatea.