BILBO. Inportazioen prezioetan %1,9ko beherakada izan da bigarren hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, eta %8,2ko gehikuntza iazko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera.
Esportazio energetikoek eragin diete gehien prezioei, bai aurreko hiruhilekoaren aldean, bai urte artean. Aurreko hiruhilekoaren aldean esportazio energetikoen prezioak %2,7 jaitsi dira, eta ez energetikoenak%0,6. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, esportazio energetikoen prezioak %7,0 gehitu dira, eta ez energetikoenak %1,1.
Inportazioetan, produktu energetikoen prezioak %11,4 jaitsi dira, hiruhileko artean, eta ez energetikoenak %2,6 gehitu. Urte artean, esportazio energetikoen prezioa %13,2 igo dira, eta ez energetikoenak %8,3.
Ondasunen helburu ekonomikoaren sailkapenari jarraituz, kontsumo ondasunen prezioak %2,4 jaitsi dira, bitarteko ondasunena %0,5 gehitu, eta kapital ondasunenak %1,8 gutxitu, esportazio prezioen indizean eta aurreko hiruhilekoaren aldean.
Urte artean, aldiz, bitarteko ondasunen prezioak %3,7 igo dira, kapital ondasunenak %0,6 jaitsi eta kontsumo ondasunenak %1,5 jaitsi. Inportazioetan, bitarteko ondasunen prezioak %2,7 murriztu dira hiruhileko artean eta %8,8 gehitu urte artean, eta gainerako ondasunetan gehikuntzak izan dira denetan.
Bestalde, aurreko hiruhilekoaren aldean, esportazioak nora doazen kontuan harturik, prezioak jaitsi egin dira bigarren hiruhilekoan ELGAn (-%0,9) eta Euro eremuan (-%0,2), eta igo munduko gainerakoan (%1,7) eta 28-EBn (%0,1). Esportazioak doazen eremu geografiko guztietan gehitu dira prezioak urte artean, batez ere Euro eremuan (%3,8). Inportazioetan, urte artean goranzko joera izan da eremu guztietan, batez ere munduko gainerakoan (%21,8), eta hiruhileko artean ere gehien jaitsi dena da (-%2,4).