BILBO. Eskaintzaren arabera, EAEko lau jarduera-sektore handiek aldaketa positiboak izan zituzten 2016an. Industria sektore nabarmendu zen, %3,3ko hazkundearekin. Zerbitzuak sektorea ere ez zen urruti ibili, eta urte osoan %3,2ko hazkundea erregistratu zuen. Eraikuntza adarrak zein Lehen sektoreak %1,6ko aldaketa positiboa izan zuten.

Industrian, manufaktura industriak bilakaera globalari eutsi zion, %3,5 hazita, eta Zerbitzuen bilakaera positiboan hiru azpisektoreek hartu zuten parte: Merkataritza, ostalaritza eta garraioak (%3,6ko hazkundea), Gainerako zerbitzuek (%3,3) eta Administrazio publiko, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuek (%2,4).

Analisia eskariaren aldetik eginda, barne eskariak %3,0ko hazkundea izan zuen 2016an, BPGren %3,1eko hazkundearekin batera, kanpo saldoaren ekarpen positiboa adieraziz. Barne eskariaren hazkunde positiboa azken kontsumoko gastuaren %3,0ko hazkundean oinarritu zen, eta erregistro positiboak izan zituen etxeen azken kontsumoko gastuan (%3,1) zein administrazio publikoen azken kontsumoko gastuan (%2,2).

Kapital eraketa gordinaren hazkundea ere positiboa izan zen (%3,3), 2015ean erregistratutakoa baino bost hamarren handiagoa. Urteko lau hiruhilekoetan bezala, intentsitate desberdineko bi bilakaera gertatu ziren kapital eraketa gordinean: ekipamendu ondasunei lotuak tasa positiboak izan zituen (%7,5), eta kapital eraketa gordinaren gainerakoak, eraikuntzari lotuagoak, bilakaera askoz apalagoa izan zuen (%1,4).

ENPLEGUA

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren bilakaera, lanaldi osoko lanpostuetan neurtua, positiboa izan zen 2016. urtean, %1,9ko hazkunde zenbatetsiarekin.

Enpleguko portaerarik hoberena Zerbitzuetan kokatu zen, %2,1eko hazkundearekin 2015eko batez bestekoaren aldean. Industria sektorearen bilakaera ere aipagarria izan zen, %1,6ko hazkundearekin.

Lehen sektorean %1,0 gehitu zen enplegua, eta Eraikuntza sektoreak, 2008tik lehen aldiz, ez zuen enplegua suntsitu eta 2015ean markatutako batez besteko mailetan mantendu zen iaz.