BILBO. Azken belaunaldiko trenak dira eta era horretako ibilgailuetako teknologia aurreratuena izango dute. Napoliko Metrorako proiektua funts publikoetako 98 milioi eurorekin finantzatuta dago.

Napoli da Italiako hegoaldean biztanle gehien duen hiria; metropoliaren eremuan hiru milioi biztanle inguru ditu. Metro sareak ANM enpresak (Azienda Napoletana Mobilità) operatutako bi linea ditu (1 eta 6). Hiriko garraio publikoa kudeatzen du Napoleseko Udalaren sozietate publiko horrek.

CAFek jakinarazi duenez, azken urteetan bere presentzia "handia" izan da Italian eta ibilgailuen eta zerbitzuen sorta zabala jarri du abian. Horrekin lotuta, gaur egun hiri metroko hornitzaile nagusietako bat da. Erromako metrorako, adibidez, 71 unitate hornitu ditu 2002. urtean hasierako kontratua sinatu zutenetik garatu dituzten kontratu ugarietan, eta unitate horiek guztiak bidaiarien zerbitzuan daude dagoeneko.

Horri guztiari, gainera, CAFek Italian bideratutako beste proiektu batzuez gain, honako hauek gehitzen zaizkio: 12 tren elektrikoren hornikuntza Triesteko iparraldeko eskualderako (horiek, era berean, Italiak Austriarekin eta Esloveniarekin egiten duen konexioa estaliko dute), Bari eskualderako bost unitateak (bi proiektu horiek Civity izeneko aldirietako plataformakoak dira), zortzi diesel trenen hornikuntza Sardiniako eskualdeko lineetarako eta Milaneko metroarekin sinatutako kontratua Lombardiako hiriburuko eremuak zeharkatzen dituzten unitateetarako 250 bogie hornitzeko.

"Horrek guztiak enpresak herrialde hartan duen presentzia eta haren aldeko apustua baieztatzen du. Izan ere, unitateak hornitzeko kontratuez gain, mantentze lanen jarduera esanguratsua garatu du bertan eta aipatu beharrekoa da gaur egun Italiako operadore nagusiarentzat, Trenitaliarentzat, egiten ari den tren makinen birgaitze lana", adierazi dute euskal enpresatik.

Kontratu berriak sendotu egin du CAFek Europako merkatuan egindako apustua. Oraingoz, aurten, kontratu esanguratsuak esleitu dizkiote Erresuma Batuan Arriva eta First Group operadoreekin. Horien guztizko balioa 1.000 milioi euro baino gehiagokoa da.