BILBO. Euskadiko Teknolohia Parkeetan kokatutako enpresen kopurua %6,7 igo zen 2015. urtean, eta dagoeneko 429 enpresa daude, horietatik 54 joan den urtean instalatuta. Horrela, %68,8 enpresa gehiagok euskal teknologia parkeak aukeratu dituzte "etorkizuneko hazkunderako", Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko arduradunek jakinarazi dutenez.

Beste urte batez, Euskadiko Teknologia Parkeek euren egoitzetan kokatuta dauden enpresei inkesta egin diete enpresen jardueraren berri izateko. Aurreko urtearekin alderatuta 2014 hobea izan bazen ere -pixkanakako susperraldia berretsi zen-, 2015eko itxierako datuak "are itxaropentsuagoak dira", eta horrela, oro har, aztertutako alderdi guztiak "nabarmen" hobetu dira.

Enpresa kopuruarekin batera, haien baterako fakturazioa ere "nabarmen" handitu zen, %11,5eko hazkundearekin, 4.312 milioi eurora heldu arte. Zentzu horretan, aipagarria da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen fakturazioak %39 gora egin zuela, langile kopuruaren, fakturazioaren eta I+G arlora bideratutako jardueraren aldetik "oso adierazgarriak diren enpresak heldu baitira Galarretako campusera".

I+G arloan egiten den inbertsioak "oinarrizkoa" izaten jarraitzen du enpresentzat eta instituzioentzat, eta, hala, parkeetan I+Gn diharduen enpresen kopurua 225era heldu zen. Era berean, urtearen itxieran, I+G alorrean ari ziren langileen kopurua ere areagotu zen (4.617 enplegu gehiago).

"Enpresak gero eta kontzienteagoak dira I+G arloan egiten den inbertsioak duen garrantziaz; hortaz, geroz eta baliabide gehiago bideratzen dituzte, monetarioak zein giza-baliabideak", azaldu dute. Zehazkiago, 2015ean enpresek 495 milioi euro gehiago gastatu zuten I+Gn, hau da, %4,2 gehiago.

Urteko inkestatik atera daitekeen beste alderdi garrantzitsuetako bat lanpostu berrien sorrera da. Horrela, hiru parkeetako langileen kopurua %6,6 hazi zen, ekitaldiaren amaieran 15.918 lanpostuetara heldu arte. Aipatzekoa da 30 urtetik beherakoen kontratazioak areagotu zirela, %22,1 gehiago, hots, 570 enplegu berri. Goi mailako tituludun kopuruak ere gora egin zuen, %17,1, eta goi mailako 7.404 tituludun daude lanean gaur egun parkeetako enpresetan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek hiru euskal parkeetan dauden enpresen sehasken alde -alegia, BICak- egin dute, "modu argian" lagunduz enplegu kopurua areagotzen eta enpresa berriak sortzen. Hain emaitza onak lortzeko, "funtsezkoak" izan dira instituzioek emandako babesa eta enpresa egitasmo berriak abiarazteko puntako instalazioak.

BARNE PRODUKTU GORDINA

Bestalde, emaitzak ikuspuntu global batetik eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinaren (BPG) gainean duten eraginari dagokionez aztertuta, egungo ikuspegiak ere -gainontzeko datuak bezala- 2014ko ekitaldian lortutako emaitzak hobetzen ditu. Beraz, hiru euskal parkeetako enpresen baterako fakturazioa EAEko BPGren %5,5eri dagokio.

Gainera, Euskadiko enpleguaren gainean enpresek zuten eragina guztizkoaren %5,4 izan zen iaz, eta, gainera, zuzeneko 3.500 enplegu inguru zeuden "kanpoko zerbitzu" deritzen horietan. Azkenik, parkeetako enpresek zerga bilketaren gainean duten eragina 621 milioi euro izan zen.

Lortutako emaitza onak azpimarratu ditu Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente Jose Miguel Corresek. Egoera "ona" dela neurri batean esan du, eta horri esker, enpresa teknologikoetan "hobekuntza nabarmenak" ezarri ahal izan direla. Izan ere, enpresa horiek gainerako enpresa sareak baino "askoz hobeto gainditu dituzte krisiaren urteak".

"Parkeetan kokatutako enpresak beti izan dira ekonomiaren hobekuntzen iragarle. Merkatuan duten kokapen bereziari, nolabaiteko gaztetasunari eta jarduera sektoreei esker, Parkeko enpresak aurrenekoak izan ohi dira merkatuaren zantzu positiboei erantzuten; eta, oraingoan ere, ez da ezberdina izan", azaldu du.

Azkenik, Corresek gaineratu duenez, "parkeak, hurbileko eragileak izaki, batez ere bideratzaileak gara eta gure enpresen agindura gaude hala behar dutenerako".