BILBO. Horrela, "Eroski Super" aplikazio berria aterata, kooperatibaren lineako supermerkatuaren Internet bidezko salmentak indartuko dira; gaur egun, sei milioi baino gehiago bisita izaten ditu urtero. Lehen urte honetan, espero dute sakelekoetarako eta tabletetarako aplikazio berriaren bitartez saltzen dena on line salmenten %10 baino gehiago izatea.

"Eroski Super app berriarekin, bezeroak era erosoan egin ahalko du erosketa bere sakelekotik edo tabletatik, edonoiz eta edonon, erosketa egiteko orduan aplikaziotik atera beharrik izan gabe. Aplikazio berria eta lasterra da, oso ikusgarria eta intuitiboa, eta kontsumitzaileei denbora eta dirua optimizatzeko balioko die, eskaintza pertsonalei esker", esan du Mari Mar Escrige Eroskiko merkataritza elektronikoko zuzendariak.

Aplikazioa prest dago, dagoeneko, Android eta iOS sistemetarako, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galizieraz, ingelesez eta alemanez. Doan deskargatzen da, eta, haren bidez, ordenagailuko, sakelako eta tabletako datuak sinkroniza daitezke. Eskaerei dagokienez, hiru aste lehenago ere egin daitezke, eta hartzeko momentuan prestatzen dira; hartara, janariak fresko-fresko egongo dira.

"On line bezeroen %75ek janari freskoa erosten dute Internetez. Bezeroaren arretarako zerbitzua oso ongi ikusten dute, baita erosketak hartzeko momentua ere, ordua zuzen betetzen delako", esan du Escrigek.

"NIRE GOGOKOAK"

Eroskiren on line aplikazio berriari esker, "Nire gogokoak" erabilita, ohi baino lasterrago egin ahalko dira erosketak; atal horretan, bezeroak batera ikusiko ditu Eroskiren edozein denda fisikotan zein on line supermerkatuan azken hiru hilabeteetan erosi dituen produktu guztiak.

Halaber, aplikazio berriarekin, produktuen barra kodea eskaneatuta egin daiteke erosketa, eta zuzenean erosketa zerrendan sartu. Gainera, aldaketak egin daitezke eginda dauden eskarietan, dela produkturen bat gehitu edo eskaria emateko eguna edo ordua aldatzea. Joan den urtean, Eroskik on line supermerkatuaren zerbitzua zabaldu zuen EAE osora.

On line erosketak egiteko aplikazio berriaz gain, Eroskik aldi berean estreinatu du Eroski app, on line supermerkatuko aplikazioarekin konektatuta dagoen aplikazioa. Horrela, beste kanal bat ireki du bere komunitateko 2,7 milioi Bezero Bazkideekin etengabe komunikatuta egoteko. Besteren artean, haren funtzioa da ohiko dendako eskaintzak kontsultatzea, erosketen zerrenda egitea edo erabiltzailea dagoen lekuko EROSKI dendarik hurbilena aurkitzea.