BILBO. "Quality Innovation of the Year" sariak Excellence Finland erakundeak antolatzen ditu. Erakunde horrek bikaintasuna eta berrikuntza sustatzen ditu Finlandian, eta herrialde hori da zerbitzuen kalitate eta berrikuntza mailan lurralde zorrotzenetako bat.
Bezeroaren beharretan oinarritzen den berrikuntza garatzen duten erakundeak edo pertsonak saritzen dira urtero. Helburua da parte hartzen duten erakundeen lehiakortasuna handitzera laguntzea eta produktu, prozesu edo antolakuntzaren sorkuntza edo garapena suspertzea.
Lehiaketak bi fase ditu: tokikoa eta nazioartekoa. Vicomtech-IK4 Euskal Herrian bere kategorian izan da saritua eta hurrengo pausoa nazioarte mailara pasatzea izango da, besteak beste, Suedia, Lituania, Letonia, Estonia, Hungaria edo Israel moduko herrialdeetako proiektuekin lehiatzeko, urtarrilaren 27an, Tallinnen (Estonia).
PROIEKTUA
Aortaren aneurisma aortaren (arteriarik garrantzitsuena) pareten etengabeko dilatazio eta ahulduran datza, aorta delarik bihotzetik gainerako giza gorputzeko ataletara odola banatzen duena. Pareta baskularraren hausturak gaixoaren heriotza eragin dezake %85 kasuetan.
Aneurismaren konponketa endobaskularra odolik gabeko kirurgia da eta arteria femoraletik sartzen den endoprotesi batean datza, arteriaren puntu egokietan finkatzen da, horrela aneurismaren pareta odol-zirkulaziotik isolatuz eta ondorioz haustura sahiestuz.
Teknikaren arrakastarako ezinbesteko da endoprotesiaren neurketa, kirurgian eta ondoren sortu daitezkeen arazoak txikitzeko. Garatutako softwareak endoprotesia neurri zehatzekin diseinatzea ahalbidetzen du, gaixoaren eskaner irudietan oinarrituz, honela egitura baskularren 3D ereduak lortuz eta bizkortasunez eta zehaztasun handiz beharrezkoak diren neurriak jasoz eta ondorioz, prozesuaren segurtasuna eta eraginkortasuna handituz. Gainera, softwareak, anatomia konplexuetan ezarpena zaila bada, pertsonalizatutako protesien diseinua ahalbidetzen du.
Vicomtech-IK4 zentroaren garapenek eVida Vascular produktuaren sorrera eragin dute eta eMedica S.L enpresak merkaturatu du produktua. Donostialdea osasun erakundearen barne dagoen Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Erradiologia zerbitzuko Mariano de Blas Bravo eta Kirurgia Baskularraren zerbitzuko José María Egaña Barreneche doktoreen eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Berrikuntza Unitatearen laguntza ezinbestekoa izan da proiektuaren sorkuntza eta garapenerako. Proiektu hau osasun arloan egindako diziplina anitzeko kolaborazio publiko-pribatuaren arrakasta bat izan dela ziurtatu daiteke.