BILBO. Finantza erakundea Bizkaiko eta Gipuzkoako 6.650 merkataritza gunetan datafono berriak ezartzen hasi da, bai eta CajaSur erakundearen jarduera eremuko beste 4.500etan ere. Horrez gain, Kutxabanken bezeroak etxean era honetako txartel berriak jasotzen hasi dira, egun dituztenen epealdia amaitzen doan ahala.

Teknologia berri honen bitartez erosketak berehala egin nahi dituztenek, txartela berritu zain egon gabe, beren bulegoetan 'sticker' delakoa eskatu dezakete. Telefono mugikorrean edo diru zorroan itsatsi daitekeen 'contactless' gailua da, eta ukiturik gabeko erosketak egiteko erabil daiteke, txartel bat izango balitz bezala. Tresna berri hau erabat doan emango die Kutxabankek 30 urtez azpiko bezeroei.

Ukiturik gabeko txartelekin zenbateko txikiko erosketak azkar eta eroso egin daitezke, eta eragiketak oso errazak dira. Txartel hauen erabiltzaileek merkataritza guneko datafonora hurbiltzea nahikoa da 20 eurorainoko erosketak bat batean ordaintzeko, agiriak edota norbere gako pertsonalak sartu beharrik gabe, eta edozein txartelen segurtasun maila berarekin.

20 eurotik gorako ordainketen kasuan, saltokiko terminalak berak baieztapena eskatzen du, orain arte bezala, gako pertsonala sartuta. Hala, txartela une oro bezeroaren eskuetan gelditzen da eta ordainketaren prozesua bera nabarmen bizkortzen da, bai bezeroentzat nola merkatarientzat.

Teknologia hau dirua jasotzeko ere erabilgarria da, horretarako egokitutako kutxazain automatikoetan. Eragiketa benetan erraza da: nahikoa da txartela uhin konzentrikoen ikurra duen gailura hurbiltzea, kutxazainak berak 'contactless' tresna berehala ezagutzen baitu, ondoren PIN kodea eskatuz; une horretan txartela jaso daiteke, kode pertsonala teklatuan ipini eta eskuratu nahi den zenbatekoa erabaki. Kutxazaina 'contactless' teknologiarik gabekoa bada, ohiko txartelen moduan erabili daiteke, txartelei dagokien zirrikituan sartuta.

'Contactless' teknologia txartelen bidezko ordainketentzat dagoen sistema azkarrena da, horregatik esku siruaren ordez oso aukera erabilgarria da. Itxuraz beste edozein txartelen diseinu berbera du, nahiz eta 'contactless' teknologiaren erakusgarri diren uhin konzentrikoak ikusten zaizkion.

SEGURTASUNA

'Contactless' sistemaren segurtasuna erabatekoa da eta EMV teknologiak -egun txartelek duten txipa- dauzkan abantaila guztiak bateratzen ditu. Horrez gain, ordainketa elektronikoetan erakundeko txartelen erabiltzaileei Kutxabankek bermea ematen die balizko iruzurrezko erabileren aurrean, eta segurtasuna bermatzen duen telefono bidezko alerta sistema eskaintzen du.

Kutxabanken sistema Estatuko gainerako finantza erakundeek merkaturatu dituzten ukiturik gabeko beste txartel edo gailuekin bateragarria da.

Erabiltzaileek, gainera, 'contactless' sistema duten merkataritza gune guztietan ordaindu ahal izango dute. Eskarmentu honekin, etorkizun hurbilean telefono mugikorren bidezko ordainketak kudeatu ahal izateko prestatzen ari da Kutxabank.

Kutxabanken egitasmoa, Visa Europe erakundearekin lankidetzan, Gasteizen jarri zen martxan lehenik, duela ia urtebete. Finantza taldeak iaz Arabako 1.500 saltoki baino gehiagotan datafono berriak ezarri zituen, eta lurralde honetan dituen 125.000 bezeroen 200.000 txartel baino gehiago berritu zituen. Ordainketa bide berri hau erabat erabilgarria da Araban 2014ko maiatzaren 15etik.

Arabako 400 saltoki berrik bat egin zuten Euskadin erabat aitzindaria zen ekintza honekin. Gehienak ordura arte 'plastikozko diruaren' erabilera ohikoa ez zen merkataritza edo ostalaritza negozioak ziren, batik bat okindegiak, estankoak, jaki dendak, prentsa kioskoak, tabernak, jatetxeak edota kafetegiak, kasu.