BILBO. Eusko Jaurlaritzako Kode Etikoaren Batzordeak datozen egunetan erabakiko du Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiken sailburu izaten jarraituko duen ala ez, Bizkaiko Entzutegiko epai batek konkurtso administratzaile izateko gaitasunik gabe utzi ondoren.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburuak, Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak, Maite Iruretagoiena Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak, Daniel Innerarity filosofoak eta Elisa Pérez Vera legelariak osatzen dute aipaturiko batzordea.

Eusko Jaurlaritzaren Kode Etikoaren 16.6 puntuaren arabera, Etika Publikoko Batzordeko kideek "isilpean gorde behar dute" beren betebeharrak egitean eskuratu duten informazio guztia, "bereziki, "aztertutako gertaera, ikerketa eta deliberoen edukiak, hartutako erabakiak eta izaera pertsonaleko datuak".

Gai hauen inguruko adierazpen publiko edo pribaturik ere ezin izango dute egin, ezta organo horretan aztertzen den prozedurari buruzkorik ere. Horrela, prozeduran hartzen diren "azken erabakiak" soilik jakinarazi ahalko dituzte, interesaturiko pertsonari edo pertsonei ezagutarazi ondoren. Modu honetan, egun batzuk igaro arte ez da jakingo Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiken sailburu izaten jarraituko duen ala ez.