BILBO. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu erregulazioko 1.434 espediente izapidetu zituen 2014. urtean, aurrekoan (2.426) baino %41 gutxiago. Espedienteek 16.747 pertsonari eragin zieten, hau da, aurreko urtean (31.790) baino %47 gutxiagori, Eusko Jaurlaritzak jakinarazitako datuen arabera.
Etendura espedienteak 814 izan ziren eta 12.091 pertsonari eragin zieten (%-50); lan jardunaldia murrizteko espedienteak 543 izan ziren, 3.196 pertsonari eraginez (%-45); eta, azkenik, iraungitzekoak 77 izan ziren, eta 1.460 pertsonari eragin zieten (%-22).
Bestalde, joan den abenduan, enplegua erregulatzeko 122 espediente izapidetu zituen Jaurlaritzak, hau da, azaroan (64) baino %90 gehiago eta 2013ko abenduan (207) baino %41 gutxiago.
Abenduko 122 espedienteetatik 103 (%84) lehenagoko baten jarraipena izan ziren eta 1.514 langileri (%93) eragin zieten. Etendura espedienteak 62 izan ziren, lanaldia murriztekoak 54 eta azkentzekoak sei. Etendura espedienteek 1.285 langileri eragin zieten, iazko hilabete berean baino %21 gutxiagori; lan jardunaldia murriztekoek 280 langileri (%-51); eta iraungitze espedienteek 60ri (iaz baino %53 gutxiagori).
Sektoreei dagokionez, abenduan, lehen sektorean, enplegua erregulatzeko espediente bat izan zen, eta eraikuntza, industria eta zerbitzuen sektoreetan, berriz, espedienteen portzentajea aurreko hilabeteetakoaren antzekoa izan zen.
Azkenik, gaur egun, 7.458 langileri eragiten dieten 700 espediente daude indarrean, eta horietatik 560 (%79) aurreko baten jarraipena dira. Gehien kaltetutako eskualdeak Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea dira.