BILBO. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Herri Administrazioan langile kualifikatuentzat deitutako bederatzi lan poltsetarako hautaprobetan izena emateko epea ireki du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) gauzatuko du hautaketa prozesua, eta deialdiaren xehetasun guztiak www.ivap.euskadi.eus webgunean daude.

Eskaerak aurkezteko epea bost lanegunekoa izango da; astelehenean, abenduaren 15ean, hasiko da, eta hurrengo ostiralean, abenduaren 19an, amaituko. Jaurlaritzak espero du ezagutza probak 2015eko otsailean eta hizkuntza eskakizunetako probak martxoaren bukaeran egitea, lan poltsak osatuta gelditzeko eta, hala, bertako kideak maiatzean hasiko dira lanean.

Azkenean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bederatzi poltsatan egingo dute hautaketa prozesua, joan den azaroaren 14an deitutako zazpiez gain, orain hizkuntza normalizazioko teknikariak eta itzultzaileak (euskara-gaztelania/gaztelania-euskara) ere sartuko baitira.

Prozesu honekin, "arinago eta eraginkortasun handiagoz" egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira.

"Eusko Jaurlaritza konprometituta dago enplegu publikoarekin eta lan aukera bat eman nahi die langabezian dauden edo beren lan egoera hobetu nahi duten pertsona kualifikatuei, bitarteko funtzionario edo aldi baterako langile gisa ordezkapenak eginez. Horregatik egingo du deialdi hau", azaldu du.

Horrez gain, Jaurlaritzak lau lan eskaintza publiko deituko ditu, 1.550 plaza baino gehiagorekin: Ertzaintzan, 250 plaza XXV. promoziorako; Hezkuntzan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra; Osakidetzan, 968 plaza (txanda askea 484 eta barne promozioa 484); eta Administrazio Orokorrean, Eustateko inkestatzailetarako 80 plaza, epai judizialak behin betikotuak.