Maiatzeko azken asteburuan Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioa ospatuko da Araban. Hitzordu honetan 22 kirol diziplinetako txapeldun probintzialak neurtuko dira haur kategorian. Hondartza-boleia lehiaketa honetan egongo den kiroletako bat da, beraz, ordurako Arabako talde txapelduna zein den ezagutu behar da bertan lehiatzeko. Data hori buruan, Arabako Federazioko arduradunek kirol egutegi bat prestatu behar izan dute, joan den larunbatean hasi eta maiatzaren 21ean amaituko den 3 jardunaldirekin. «Lehenik, taldeen fasea egongo da, eta, gero, bidegurutzeak, finalerdia eta finala izango dituen fase bat», azaldu dute Arabako erakundetik.

Aire zabalean jokatzen den kirola denez, federaziokoak eguraldiari begira bizi dira, planak pikutara joan ez daitezen: «Eguraldia gure alde egotea espero dugu, eta ez badago, hala ere jardunaldiei eusten saiatuko gara, atzeratu gabe, datarik ez dugulako eta talde irabazlea geuk erabaki beharko genukeelako, eta ideia hori ez zaigu batere gustatzen», gaineratu dute.

Hondartza-boleiko eskola-liga Mendizorrotzako instalazioetan jokatzen da, haur eta kadete kategorietara zuzenduta dago eta oraingoan zortzi ikastetxek eman dute izena, pistako lehiaketa jokatzen duten ikastetxe berak. Arauz, taldeak gutxienez lau jokalarik eta gehienez seik osatzen dituzte, mistoak dira eta aktan inskribatutako jokalari guztiek gutxienez set bat jokatu behar dute partida bakoitzeko. Denboraldi honetan 29 taldek eman dute izena haur mailan eta 26k kadetekoan.

Sentsazio onak izan ziren nagusi txapelketako lehen jardunaldian parte hartu zuten taldeen, antolakuntzaren eta partidak zuzenean ikustera joan ziren pertsonen artean. Eguraldi onak jendea bertaratzea erraztu zuen, eta aho zapore ona utzi zuen. «Kirolarien, entrenatzaileen, zuzendarien, ikusleen, gurasoen eta lagunen aurpegiek poza erakusten zuten, eta horrekin geratzen gara». Federaziotik esan dutenez, kirolariek lehiaketa baino gehiago dibertitzeko espirituarekin egiten diotela aurre lehiaketa honi: «Hondartza-boleia oso kirol dibertigarria da. Hondarra egoteak, lurrera botatzeak eta gauza horiek, pistaren lehiakortasuna alde batera utzi eta jolaserako gogoarekin hartzea eragiten du», gaineratu dute.

Lehenengo jardunaldian lehiaketako bi txanda egon ziren. Lehenengoan, 9.00etatik 11.20ra, haurren taldeei egokitu zitzaien lehiatzea. Hasieran hotz pixka bat egin zuen, baina bigarren txanda, 11.20tik 13.30era, eta kadeteei zuzendua, kirolariek eguzkiaz gozatu ahal izan zuten. 39 partida jokatzea aurreikusita zegoen arren, azkenean maila bateko 16 eta besteko 18 baino ez ziren burutu. Norgehiagokak 3 seteko onenera jokatzen dira, lehenengo biak 21 puntura, eta hirugarrena, balego, 15 puntura izanik, eta antolakuntzatik partida bakoitzeko 20 minutuko batez besteko iraupena kalkulatzen bazen ere, lehen jardunaldian 30etara arte luzatu zen, eta, ondorioz, lehia gutxiago jokatu ahal izan ziren. «Denboraren arabera, kanporaketak zabalagoak edo txikiagoak izango dira. Aurten dauden jardunaldi apurrekin eta zenbat talde ditugun ikusita, taldeen fasearen ondoren agian finalaurrekoetan eta finalean geratu beharko gara», azaldu dute. «Pena da, baina oso denbora gutxi daukagu».

Nahiz eta egun gutxi izan eta egokitze batzuk martxan egin behar, federazioan oso pozik daude boleibola probintzian hartzen ari den tamainarekin. «Asko hazten ari gara, eta oso pozik gaude ikusten dugulako kirol honek, gero eta gehiago, erakartzen duela jendea kirola egitera eta ikusleak partidetara joatera», nabarmendu dute, eta gogoeta batekin amaitu dute «batzuetan gehiago egin genezakeela iruditzen zaigu. Agian instalazio eta boluntario gehiagorekin…».