80ko hamarkadan Menditxo Igeriketa Elkarteak waterpolo sail bat sortzea erabaki zuen. 20 urte geroago, 2009-2010 denboraldian, atal hori desagertu egin zen eta osatzen zuten pertsona guztiak Lautada Urpoloko kide izatera igaro ziren, gizonezkoen senior mailako lehiaketetan parte hartuz. Panorama aldatu egin da. Klubak Araban waterpoloa sustatzeko egiten dituen ahaleginek fruituak eman dituzte, eta gaur egun Lautadan 120 kirolari daude, 40 eskola-adinean eta gainerakoak talde federatuetan.

Benjamin aurrekoetan, benjaminetan, kimuetan eta haurretan taldeak mistoak dira. Gainerako mailetan, kadete talde misto batek, gizonezko kadeteak, gizonezko gazte mailakoak, gizonezko seniorrak, emakumezko seniorrak eta masterrak osatzen dute kluba. Araban waterpoloan jokatzea posible da 6 urtetik aurrera eta adin-mugarik gabe, eta klubekoek oso positibotzat jotzen dute hori. «Oso garrantzitsua da talde batetik bestera igaro ahal izatea, beti lehiatzeko aukera izatea…», ziurtatu du Leire de Miguel Gasteizko klubaren batzordeko kideak.

«Master-taldea osatzen dutenak hilean behin biltzen dira jokatzeko, eta, beste aldetik, neska-mutilentzako hain garrantzizkoa den senior taldeen erreferentea dago. Erreferente hori izatea oso garrantzitsua da harrobia fidelizatzeko». Eta hori da hain zuzen klubaren helburu nagusia: «Daukagun harrobia aurrera eramatea, oso handia baita. Oso proiektu polita da. 40 bat umek kirol honekiko duten ilusioa ikustea oso motibagarria da; kirol hau zenbat gustatzen zaien eta zenbat motibatzen dituen ikustea», nabarmendu du De Miguelek, eta, beste ezeren gainetik, neska-mutilek ahalik eta gehien jokatzea bilatzen dela azaldu du.

Horregatik, talde mistoak egitea erabaki dute, eta, kopuruak aukera ematen badu, kategoria bakoitzeko talde bat baino gehiago, senior eta kadete mailan gertatzen zaien moduan. «Gizonezkoen eta emakumezkoen talde bat egin beharko bagenu, agian ez genuke behar beste jokalaririk izango, eta jokatu gabe geratuko litzatekeen jendea. Mistoak direnez, errazagoa da lortzea», nabarmendu du.

Waterpoloa praktikatzera animatzen denak ez du igeri egiten jakin behar, klubean horretaz arduratzen baitira. Hortik aurrera, federatuak izan arte: «Jokoarekin gozatu, ondo igeri egiten ikasi, gustua har diezaioten eta, bide batez, sasoi fisiko ona har dezaten», dio Leirek. Adin horietan klubak dituen 6 entrenatzaileek gogor egiten dute lan, kategoria bakoitzak astero dituen 3 entrenamenduetan, taldean lan egiten ikas dezaten. «Oso garrantzitsua da kirola garatzeko eta haurrentzat beraientzat. Taldean lan egiteko gogoa izan behar dute», azaldu du zuzendaritzakoak, «igerilekutik kanpo daudenean eta lagunak direla ikusten duzunean, poztasun handia da, laguntasun hori igerilekura ere eramaten baita».

Neska-mutilak talde federatuetara iristen direnean, helburuak aldatu egiten dira. Bada garaia Gipuzkoako ligan lehiatzeko, bidaiatzeko, beste taldeak bisitatzeko... Gauza berezia da haientzat: «Beste fase bat da, non beste toki batzuetako talde eta kirolariekin sozializatzen duten, aurpegi berriak ikusten dituzten eta lehiatzen diren, eta horrek ere asko motibatzen ditu», dio Leire de Miguelek.

Lautada Urpoloko «egiteko» koadernoan gauza gutxi dituzte idatzita: «Haur gehiago animatzea waterpoloan jolastera, igerileku osoan gehiagotan entrenatzeko aukera izatea, kale kopuru zehatz batean entrenatzearen oso desberdina delako. Eta aurten gurasoek eta umeek denboraldiaren amaieran elkarrekin jokatzen dugun ohiko partida berriro egin ahal izatea».

Apirilean, campusa

Arabako haurrek waterpoloa proba dezaten eta, auskalo, Lautadarekin bat egin dezaten, klubak hainbat campus antolatzen ditu denboraldian zehar. Aurten ez da Gabonetakoa egin, baina Pazko-astean egongo da, eta udan ere egongo dela aurreikusten da.

Apirilaren 19tik 22ra waterpoloko bi campus antolatuko dituzte, haurrek kirol zirraragarri hau probatu eta gozatu ahal izateko. Bat mistoa izango da, 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzat, eta beste bat soilik emakumeentzat, adin bereko neskentzat. Biak Mendizorrotzako igerilekuan egingo dira arratsaldean. Talde bat 16.00etatik 17.00etara egongo da eta bestea 17.00etatik 18.00etara. Ordu horretan hainbat jolas egingo dira eta waterpoloan jokatuko da jarduera antolatzen laguntzen duten klubeko neska-mutilekin.

Oraingo honetan bai, igeri egiten jakin behar da, hain denbora gutxirekin zaila izango bailitzateke kirola probatzea.

Izena emateko:lautadaup@gmail.comEdo deitu edo whatsapp bat idatzi635 739 073 / 616 573 818