Ohikoa da Olentzerok eta Errege Magoek Gabonetan kargatzen dituzten zakuetan billar txiki batzuk eramatea, mahai gainean jartzen diren horietakoak, jasotzen dituzten haurrek billarraren munduarekin lehen kontaktua izan dezaten. Eta Saha Pool klubeko kidea den Javier de Pedrok badaki Olentzerori eta Errege Magoei esker zenbait gazte Aranaldera hurbilduko direla, opari gisa izan dituztenak baino mahai handiagoetan jolastera, Aranalden baitago billarra eskola-kirolean eskaintzen duen Arabako klub bakarraren egoitza soziala.

Saha Pool kluba

Saha Poolek 60 urtetik gorakoentzako tailerrak ere eskaintzen ditu kiroldegi honetan, adin horretako pertsonen artean joko honen praktika zabaltzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko asmoz, hala ere klubean ondo dakite eskola mailan aritzea txikienek kirola egiteko eta billarraren biziraupena bermatzeko oso garrantzitsua dela. «Lehen jolas-aretoak zeuden, baina orain billarrean jokatu nahi duenak tabernetara jo behar du eta hori ez da umeak egoteko giroa. Horregatik, gurasoei umeak klubera praktikatzera etortzeko aukera planteatzen zaienean, gustatzen zaie», dio De Pedrok.

Billarraren onurak

Egun, 8 eta 16 urte bitarteko 15 gazte daude, astero billarra entrenatzera joaten direnak, denak mutilak «Iaz neska bat inskribatu zen, eta orain dela 2 urte bi neska egon ziren». Teknikariaren esanetan «billarrak ez du adinik, ezta generorik ere. Logika, estrategia eta kontzentrazioa indartzen ditu eta onura ugari eskaintzen dizkie neska-mutilei». «Lehenengo aldiz iristen direnean, mahaien tamaina da deigarriena, baina pixkanaka-pixkanaka trebetasun asko bereganatzen dituzte, nahiz eta haiek ez ohartu». Begi, beso eta esku nagusien arteko koordinazioa hobetzea; distantziak, indarrak, abiadurak eta parabolak kalkulatzen ikastea; oroimena hobetzea eta erabakiak hartzen laguntzea dira, besteak beste, kirol honetan aritzeak dakartzan alde onuragarriak.

Entrenamenduak

Jardueran izena ematen dutenean, gazteek aukeratzen dute zein talde den entrenatzeko egokiena. Astearte edo ostegunetan 17.20etatik 19.50etara edo larunbat goizetan 11.00etatik 12.30etara egin dezakete. Ordu eta erdi da eta Javier De Pedrok erraztasun guztiak jartzen dizkie beste kirol edo jarduera batzuekin uztartu ahal izateko «Izan ere, entrenatzeko baldintza gehiegi jartzen badizkiezu, kirol nagusienekin geratuko dira, eta haien une hau, beste gauza batzuk probatzeko unea izan behar da».

Lehen saioetan, teknikariak oinarrizko nozioak ikasteko ahalegina egiten du, hala nola billar-makila hartzea, oinarrizko mugimenduak eta kolpeak kontrolatzea. Saioek aurrera egin ahala, jarrerak eta mugimenduak zuzenduz doaz eta ia konturatu gabe ikasten dute, «urduri jartzen direnean, oharrak ahaztu egiten zaizkie, baina denborarekin modu naturalean aterako zaie» onartzen du teknikariak.

Hala ere, De Pedrok oso argi dauka neska-mutilek billarrean jolasten jarraitzeko modurik onena ondo pasatzea dela, eta horregatik ordu eta erdiko saioetan errutinen errepikapenak jolasekin nahasten ditu. «Lehenik eta behin, hainbat ariketa jartzen dizkiet, ahalegindu daitezen, hala nola posizio desberdinetatik bospasei bola sartzea, angelu desberdinetatik jotzea, bola zuria bandara botatzea, errebotea egin, eta beste bola bat jotzea...», azaldu digu. «Atsedenaldiaren ondoren, ginkanaren unea iristen da, labirintoak, esku bakarrarekin egindako jaurtiketak, punteria ariketak€».

Topaketak

Billar Federaziorik ez dagoenez, ez dago haurrentzat lehiaketarik antolatzen duen estamenturik, eta Saha Poolek horretaz arduratzeko baimena eskatu duen arren, oraingoz ez du lortu. Hala ere, ohikoa da hilean bi igandetan topaketak antolatzea, haur guztiek elkar ikusteko, elkar ezagutzeko eta partidak egiteko aukera izan dezaten; izan ere, astegunetan bakoitzak bere taldean entrenatzen duenez, «topaketa hauengatik ez balitz, kide izatearen sentimendua ez litzateke garatuko».