Joan den larunbatean hasi zen ikasturte honetako eskola pilota txapelketa. 400 kirolari inguruk hartuko dute parte oraingo honetan euskal kirolaren hiru modalitatetan bananduak: esku pilota, pala eta zesta. Binakakoen kasuan 16 jardunaldi ospatuko dira, larunbatetan, eta bakarkako partidak 14 jardunaldietan bananduko dira, igandetan ospatuko direnak esku pilotako haur eta gaztetxo kategorietan. Guztira 65 partida asteburuero.

Gasteizko Beti Jai pilotalekuetaraino hurbildu ginen pilotari gazteen estreinaldiaren lekuko izateko, baina aipatzekoa da lehiaketa Arabako kuadrilletako zenbait kantxetan burutuko dela: «Ordezkaritzak dauzkagu Araba osoan, eta nahiz eta Gasteizen aparteko instalakuntza izan, parte-hartzearen arabera joan nahi dugu beste lekuetara jokatzera. Agurain eta Amurrio kasuetan bai Lautadak bai Aiaraldeak parte-hartze altua daukatenez, bertan partidak izango dituzte bi astero, eta besteen kasuan saiatuko gara hiru hilabetean behin joaten eskualde bakoitzera» azaldu du Aitor Ruiz de Luzuriagak, Arabako Euskal Pilota Elkartearen Oinarrizko Koordinatzailea.

Lehiaketari dagokionez, txapelketan bi fase ezberdinak egoten dira hiru modalitatetan. Lehenengoan guztiek batera jokatzen dute bakoitzaren maila neurtzeko, eta bigarrenean «lehiaketa-fasea» deritzona, neurketaren arabera taldeak antolatzen dira eta kirolari bakoitzak dagokion mailan jokatzen du, maila eta talde guztiek beren finalak jokatzeko aukera izanik, «saiatu gara gero eta aukera gehiago ematen fase finaletan parte hartu ahal izateko, horrela erakargarriagoa da pilotarientzat» esan digu Aitorrek. Finalak apirilaren 2an hasiko dira binakakoentzat eta martxoaren 27an bakarkakoen kasuan.

Azken bolada honetan jasan dugunaren harira, Aitorren ustez aipatzekoa da kategoria gazteenetan nabaritu den beherakada: «Datuen arabera ehuneko hogeikoa izan da. Bi urtez egon gara sustapena egiten baina umeek kirola benetan probatzeko aukera izan gabe, eta horrexegatik gure helburua aurten horretan finkatzen da: sustapen kanpainekin jarraitzea ume gazteenak pilota egiten hastea lortzeko». Alde ona nesken parte-hartzearen aldetik dator, «ez da soilik mantentzen, baizik eta igotzen dela. Palan beti izan ditugu neskak, baina gorakada txiki bat eman da eskuzko modalitatean. Erreferenteak izatea, Leire Garai bezala kasu honetan, oso baliogarria da».

DATORRENA

Ohiko partidez gain, eskola pilotarekin beste zenbait hitzordu daukagu denboraldiaren zehar:

Benjamin-aurrekoentzako topaketak

Lau izaten dira denboraldian eta lehena oso hurbil daukagu, 27an Adurtzan hain zuzen. Topaketa hauen helburua txikienei elkarrekin jokatzeko eta ezagutzeko aukera ematea da, adinagatik oraindik ez baitute lehiaketan parte hartzerik.

Gabonetako pilota festa

Abenduaren 18an ospatuko da, txapelketa, txokoak, tailerrak eta abarrekoak pilotari, familia eta bisitari guztientzat eskainiz.

Benjamin-mailako topaketak

Martxoaren 5ean eta euskal pilotako modalitate eta instalakuntza guztietan, Araba osoan bilduko dira benjamin kategoriako pilotariak elkarrekin hobeto ezagutzeko asmoz, pilotan aritzen diren bitartean.

Teknifikazio entrenamenduak

Urtean zehar 3 teknifikazio entrenamendu saioak —eskuz, palaz eta zestaz— burutzen ditu elkarteak. Bertan Arabako haur eta gaztetxo kategoriako pilotariak elkartzen dira teknika hobetzeko, elkar ezagutzeko eta «taldea» egiteko. Entrenamendu hauek garrantzi handikoak dira pilotarien kirol-bizitzarako eta elkartearen lanerako, saio hauen arabera federatu mailara igotzeko pausuak nolakoak izango diren erabakitzen delako.

Antolakuntza

Hau guztia burutzeko, Aitorrez gain, 25 epaile ofizialak (partidetako arbitroak) eta 27 epaile-laguntzaileak (antolakuntza lanaz frontoian bertan arduratzen direnak: fitxak jaso, gerrikoak banatu€) abian jartzen dira jardunaldi bakoitzean. «Oso pozik gaude epaile ofizialen artean jende gaztea daukagulako, prozesua bizi dutenak, hau da, eskola txapelketako formatu honetatik atera direnak», esan digu Aitorrek, eta «laguntzaileen artean nesken eta mutilen arteko kopurua ia parekatuta dago» gehitu du. Hauei gehitu behar diogu 50 begirale (umeak entrenatzen dituztenak) eta beste 50 bat delegatu/arduradun (fitxak, paperak, autobusak eta abar antolatzen dituztenak) eskola pilotaren inguruaren astebururo mugitzen den jendetzaren tamainaz ohartzeko. «Hau da ikusten ez den aldea eta indartu behar dena. Haiei esker hau dena martxan jartzen da» esan du Aitorrek.

Epaile eta laguntzaileak ezinbestekoak dira ere «Pilotalekuan ere euskaraz» lelopean garatzen den kanpainan: «Proposatu diegu kanpaina honen bozeramaileak izatea, frontoietan haien lehenengo hitza beti euskeraz izatea. Horrela frontoiko ateak irekitzen dizkiogu euskararen erabilerari» adierazi zuen Aitorrek.