Iraileko azken asteburuan Burgeluko frontoia pilotazalez bete egin zen. Bigarren urtez, Arabako Lautadako frontoi honetan gomazko paleta txapelketa ospatzen zen: «Txapelketa asko daude nagusientzat, eta txikienak alde horretatik pixka bat arretarik gabe ikusten genituen. Gazteenak oinarrizkoak dira pilotarako», dio Alberto Arrizabalagak, txapelketaren antolatzaileak. «Hori ikusita, erabaki genuen herrian txapelketa bat antolatzea. Hainbat klubi parte hartzeko deia egin genien, eta Nafarroako jendearen erantzuna -bertaratzen diren bakoitzean egurra ematen digutenak- eta Errioxakoena baiezkoa eta berehalakoa izan zen».Txapelketan

8 eta 16 urte bitarteko 40 pilotari elkartu ziren, kimu, haur eta kadete mailetan banatuta.

Kimu maila Zidorra-Burgeluko bi taldek, bikote nafar batek eta Errioxako bikote batek osatu zuten. Larunbatean egin zen ligaxkan nafarrak errioxarren aurretik geratu ziren eta Zidorra-Burgeluko bikoteek itxi zuten sailkapena. Igandean finalerdiak jokatu ziren eta Jon Gorospe, Enrique Ornilla eta Juanma Fernandez bikote nafarrak 20 eta 11 irabazi zuen Pablo eta Eduardo bikote errioxarraren aurka. Errioxako Pablo Jimenez izendatu zuten txapelketako jokalari onena kimuen artean.

Haur kategoria Zidorra-Burgeluko 3 taldek, Santa Luziako talde batek, nafar batek eta errioxar batek osatu zuten .

Larunbatean, ligaxkan, lehen postuan geratu zen Nafarroa, bigarren Errioxa, hirugarren Zidorra-Burgelu eta laugarren Santa Luzia. Igandean final-erdiak jokatu ziren, eta finalean Javier Moncadak eta Ignacio Tellecheak osatutako bikote nafarrak 20 eta 11 irabazi zion Raul eta Andresek osatutako bikote errioxarrari. Zidorra-Elburgo taldeko Mario Pereira izendatu zuten txapelketako jokalari onena kategorian.

Kadete maila Nafarroa, Errioxa, Santa Luzia eta Zidorra-Burgeluko taldeek osatu zuten. Larunbatean ligaxka eta igandean finalerdiak eta finala jokatu ziren, eta bertan Diego Urrutia, Javier Baleztena eta Pablo San Julian bikote nafarrak irabazi zuen, 20 eta 11, Errioxako Pedro eta Salvador bikotearen aurka. Errioxako Salvador Celaia txapelketako jokalari onena izendatua atera zen kategorian.GIROA

«Aurten bigarren aldiz etorri direnak egon dira, eta lehen aldiz etorriak pozarren joan dira txapelketarekin, hotelarekin, janariarekin, luntxarekin...», dio Albertok. Etxeko jokalariei dagokienez, ia klubeko jokalari guztiek hartu zuten parte txapelketan, «txiki-txikiak eta berrienak ez dira, oraindik, animatu» aitortzen digu.

Pilotari gazteek euren kirolaz erabat gozatu duten asteburua izan da «eguna jokatzen igaro dute, baita lehiatzen ari ez zirenean ere. Giroa bikaina izan da», dio antolatzaileak, eta eskerrak eman nahi dizkie «Vital Fundazioari emandako babesagatik; Burgeluko Udalari, zalantzarik gabe frontoia eta beste baliabide batzuk gure eskura jarri baititu asteburu osoan zehar; Alegriako Hika-Mika tabernari eta frontoiko tabernako jendeari, janariarekin jendea oso pozik eta ase utzi baitute».

«Kirolari gazte hauek benetako pilotari sentitu ziren asteburu honetan», epaitzen du Albertok.