Kangoo Jump

Kirola eta dibertsioa kanguruen erara

Haurrek bota oso berezien erabileran oinarritutako kirol hau egiteko aukera izango dute laster Gasteizen

07.10.2021 | 09:19

Telefono mugikorraren aplikazioak gidatuta, Oreitiasoloko industrialdean SEIk jarduera-zentro berriak duen lokalera hurbiltzen naiz. Badirudi aplikazioak ez dituela hesiak eta desnibelak ulertzen, eta horrek nola deskargatzen dituzten bota bitxi batzuk goitik behatzeko aukera ematen dit, haur talde bat janzteko irrikaz dagoen bitartean.

Lehenago ikusi ditut bota horiek, telebistan, interneten, baina oraingo honetan hurbilagotik eta martxan ikusteko aukera izango dut. Nuria Delgadok 4 urte daramatza Arabako Kangoo Jumpseko irakasle ofizial gisa, eta gure gidaria izango da.

«Kangoo Jumps fitness sektoreari lotutako kirol oinetako marka bat da. Kangoo Jumps bota horiekin "erreboteko ariketa" delakoa egiten da, edozein adin eta egoera fisikotako pertsonentzako kirol-diziplina egokia, banaka edo taldean egin daitekeena, bai entrenamendu pertsonaleko metodo gisa, bai pisua galtzeko jarduera osagarri gisa, bai lesio edo ebakuntza kirurgiko baten ondoren errehabilitazio prozesuetan».

"Kangoo Discovery 8-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako programa da. Botak erabiliz psikomotrizitatea garatzeko diseinatuta dago"


Nuriak datu tekniko hauek ematen dizkigun bitartean, haur taldea botak janzten hasten da. Olaia eta Andrea, lehenago ere kirol honekin harremana izan dutenak, errazago moldatzen dira. Gainerakoei begiraleak laguntzen die itxiturak behar bezala egokituz. «Haurrei botak janztea gustatzen zaie! Helduak baino "ausartagoak" dira, janzten dituzten heinean beraiekin korrika ateratzen dira... eta ez dira ordu osoan gelditzen!».

Kirol-diziplina horrekin lehen harremana Kangoo Discoveryren saioen bidez egiten da, eta Nuriak azaltzen digu zertan dautzan: «Kangoo Discovery 8-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako programa da. Botak erabiliz psikomotrizitatea garatzeko diseinatuta dago, eta bere lana jolasetan eta zirkuituetan oinarritzen da, etapa bakoitzean oinarrizko gaitasun fisikoak eta mugimen-trebetasunak landuz. Haurrak ariketa fisikoa egiteko modu dibertigarri bat aurkitzen du, programa aerobikoak, jolas dibertigarriak, kirol-jarduerak, talde-lana eta dantza konbinatuz».

 «Hasieran beldur pixka bat ematen du baina gero jauziak egiteko gogo handia duzu»


Pixka bat praktikatu eta programako ariketa batzuk egin ondoren, atsedenerako tartetxoa iristen da, eta lehen kontaktu hori zelan izan den jakiteko aprobetxatzen dugu. «Aerobica, gimnasia ritmikoa eta dantza modernoa praktikatu dugu, eta orain bota horiekin saltoka probatu eta esperimentatu nahi dugu», kontatzen digute. «Hasieran beldur pixka bat ematen du», aitortzen du Fatimak, «baina gero jauziak egiteko gogo handia duzu».

Lehenengo ariketekin astindu ederra izan arren, Nuriak ariketetara itzultzea proposatzen dien bezain laster, ez dute pentsatu behar eta jauzi batez altxatzen dira, oraingo honetan musika eta dantza eskatzen monitoreari. Gustatu zaie.

Kirol honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan helbide honetan:
info@jostari.com

noticias de noticiasdealava