Futbola beti da historiara jotzeko sarbide ona”. Iritzia André Gounotena da, Sobietar Batasun ohiko kirolean aditua. Cesar Azpilicuetak, Kepa Arrizabalagak, Nacho Monrealek eta Álvaro Odriozolak Errusiaren aurka jokatuko dute bihar Espainiako selekzioarekin. Baina, ba al zenekien Euskadiko Selekzioak Sobietar Batasunean jokatu zuela 1937an? Talde hartan zeuden, besteak beste, Luis Regueiro, Guillermo Gorostiza eta Jose Iraragorri. Iragorri izan zen Espainiak Munduko Kopa batean sarturiko lehen golaren egilea. José Antonio Aguirre, garaiko Lehendakaria eta Athleticeko jokalari ohia, izan zen bidaia haren bultzatzaile nagusia. Euskadiko selekzioak ospe handia zuen munduan. Hamaikakoan Athleticekin jarraian hiru liga irabazitako jokalari asko zeuden.
Euskadiko selekzioak Europan barrena bidaiatu zuen tren zaharkituetan: Paris, Praga, Marseilla, Tolosa Frantziakoa eta Varsovia bezalako hiriak ezagutu zituzten Euskal selekzioko kideek. Aguirre lehendakariak hiru helburu nagusi zituen proiektu harekin. Lehenengo eta behin, Euskadiren egoeraren berri eman nahi zuen Europa osoan zehar. Alegia, laguntza eske joan ziren. Francoren altxamendua eta Espainiako gerraren erruz, ume askok ihes egin behar izan zuten Sobietar Batasunera, eta jokalariek haien lagunen semeak ezagutzeko aukera izan zuten bidaian. Azkenik, birako partidetan bildutako dirua La Roseraie Miarritzeko ospitalea berreraikitzeko erabiliko zuten. Sobietar Batasunak 1937ko ekainean luzatu zion bost partida jokatzeko gonbitea Euskadiko selekzioari. Taldeak zuen kirol ospe ona eta errepublikaren defentsan izandako jarrera irmoa nahikoa arrazoi ziren partida haiek antolatzeko.
Euskadik Moskun eta Leningradon, egungo San Petersburgon jokatu zuen, egun Munduko Kopako egoi- tza diren bi hiritan. Stalinek, bere garai ilunenetan, futbola aitzakia bezala erabili izan zituen purgak ezkutatzeko. Propagandaren bidez, “futbola da gizartearen opioa” esaldia bere egin zuen buruzagi sobietarrak. Pedro Vallanak zuzendutako taldeak bost partida jokatu zituen eta balantze bikaina eskuratu zuen: hiru garaipen, berdinketa bat eta porrot bakarra. Hain bidaia luzean makina bat pasadizo bizi zituzten jokalariek.
Sexua, alkohola eta drogak dira hiru bizio handienak. Sobietarrek horietatik bi erabili zituzten euskaldunak haien onetik ateratzeko. Batetik, eta polizia sekretuaren aginduz, emakume lirainak hotelean ate joka eduki zituzten jokalariek. Bestetik, vodka zegoen. Uraletako ura Euskadiko jokalariei partidako egunean biharamuna eragiteko. Hori gutxi balitz, lehen norgehiagokaren aurretik itzuli bukaezin bat antolatu zuten Leningradon. Laugarren partidan Nikolaj Ezov, polizia sekretuko buruak, markagailuan 0-3koa ikusita, haserre, zelaitik alde egin zuen. Sobietarren irudi ona kolokan zegoen eta politikariek kolore gorrirako apustua egin zuten. Azken partidarako herrialde osoko selekzio bat osatu zuten talde bakoitzeko jokalari onenekin eta Spartak Mosku izenarekin jokatu zuen. “Taldeko diruzainak egin zuen epailea lana”, gogoratu du Joseba Gotzonek, Euskadiko selekzioaren historiaren liburuaren egileak. 57 minutuan binakoa ageri zen markagailuan, eta epaileak penalti eztabaidagarri bat adierazi zuen. Euskaldunak, ernegatuta, aldageletara joan ziren. Partida berrogei minutuz geldirik egon zen Molotov aldageletara jaitsi zen arte. André Gounoten ustez, Molotovek “mesedez” eskatu zien euskaldunei lehia buka zezaten. Euskadiko selekzioak 6-2 galdu zuen partida, sobietarren pozerako. Spartak hartako kideak heroiak bailiran erakutsi zituzten herrialde osoan. Entrenatzaileak meritu goreneko domina jaso zuen eta jokalariek telegrama bidez jaso zuten Stalinen zorion agurra. Are gehiago, desfilea eta guzti antolatu zuten. Spartakeko partaideak futbol-oinetako erraldoi batean igo zituzten, eta behean jarritako afixa batean zera irakur zitekeen: “Spartak 6-2 Espainia”, eta azpian, letra txikiagoan (“Pais Vasco”).
Bidaia hartan, baina, dena ez zen izan hain iluna. Euskaldunek bidaiarekin gozatu zuten eta horrela islatu zuten Moskutik bidalitako gutunetan. “Erregeen pare bizi ziren, hotel onenetan lo egin zuten eta behar zuten guztia eskura zuten”, nabarmendu du kirol sobietarrean adituak. Joseba Gotzonen ustez, euskaldunen bisita “inflexio puntua” izan zen Europako ekialdeko futbolarentzat, irakasgai handia izan baitzen. Errepublikari erakutsitako babesaren ondorioz bira osoan harrera oso izan zuten zelaietan. Bukatzeko, xehetasun txiki bat: “Bira osoan zehar aurkariek Euskadiko taldeaz hitz egin zuen, ez Euskadiko Selekzioaz”.