BILBO. Laguntza ekonomikoez gain, bekadunek laguntza biomedikuak (QuironSalud taldearekin itxitako kolaborazio akordioaren bitartez sendotuta), teknikoak, ikasketetan eta lanean hastean eskainitako laguntzak, coaching zerbitzuak eta irudi eta komunikazio zerbitzuak ere jasoko dituzte.
Halaber, genero berdintasuna bultzatzeko eta "kirolariak gizartearentzat eredugarriak diren baloreen eramaileak izateko" apustua egin du. Zentzu horretan, kirolariek fundazioarekin sinatu behar duten konpromiso agirian klausula berezi bat gehitu da. Horren arabera, kirolariek ez dute adierazpen arrazista, xenofobo, matxista edo bereizkeriazkorik egingo emakumeei buruz eta, eskuarki, ez dute intolerantziazko adierazpenik egingo pertsona edo kolektibo jakinei buruz.
Basque Teamek jakinarazi duenez, 31 olinpiar kirolariez, lau kirolari ez olinpikoez eta kirol egokituan aritzen diren zortzi kirolariez gain, 14 teknikarik ere laguntza jasoko dute. Basque Team 2017 bekak lortu dituzten kirolariek 47 parte hartze pilatzen dituzte Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan, eta 98 domina eskuratu dituzte Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan eta Europako eta Munduko Txapelketetan.
KIROLARIAK
Horrela, Basque Teamekin ibilbide luzea duten kirolariek beka izaten jarraituko dute, besteak beste, Maialen Chourraut, Ander Elosegi, Ainhoa Murua, Leire Olaberria, Maria Lopez de Egilaz, Patxi Peula, Alex Uranga, Lucas Egibar, Jon Santacana, Asier Garcia eta Amador Granadosek. Bestalde, fundazioak bekatutako kirolarien taldera lau kirolari sartuko dira: Aitor Francesena (surf), Rocio Ybarra (belar hockey), Patricia Elorza (eskubaloia) eta Iñigo Llopis (igeriketa).
Laguntzetan banatuko diren 536.000 euroetatik, 481.000 euro (%89,74) banakako bekei dagozkie. Aldi berean, aurrekontuaren beste 15.000 euro kirolarien bidaia, kontzentrazio eta entrenamendu berezietarako zuzenduko dira eta beste 40.000 euro emaitzengatik emandako sarietara.