Makina bat kilometro hodi batean". Javi Conde atleta paralinpikoaren eta Jon Salvador lagunaren azken erronka izango da. Proba 13:00etan amaituko dela aurreikusten da, eta kanpoan daudenek pantaila batzuen bidez ikusteko aukera izango dute.
Maratoia gaur goizean aurkeztu da Bilbon, eta bertan egon dira Eduardo Elguezabal, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Aktiboen Ustiapen eta Kudeaketa zuzendaria; Juan Felix Madariaga, Bilbao Kirolakeko zuzendaria, eta Javi Conde eta Jon Salvador atletak, erronka solidario berri honen protagonistak.
Proba honek amaiera emango dio Itsasadarraren omenez egindako maratoien trilogiari. Trilogia 2012. urteko martxoaren 17an hasi zen, estuariotik 45 metrora, Bizkaia Zubiari 145 bira ematen. Ondoren, 2014ko urriaren 26an, Athleticen gabarraren maratoia egin zuten, eta, kasu horretan, 1.313 bira eman zizkioten, 42.195 kilometroak osatzeko. Sifoian egingo den hirugarren proba honetan, lur azpitik 26 metrora, eman beharreko birak 288 izango dira guztira.
Lasterketa 70 metroko tarte batean ?guztira 463koa? egingo da, Itsasadarra alde batetik bestera; beraz, lasterketako sentsazioak, kanpokoekin alderatuta, oso desberdinak izango dira, argia, tenperatua edo oxigeno-kontsumoa direla-eta. Horrela, bada, Javi Conde eta Jon Salvador leku txikietan ari dira prestatzen maratoia, saneamenduko azpiegitura horren ezaugarrietara ohitzeko asmoz. Bakarkako ilaran egin beharko dute korrika, 70 zentimetro baino apur bat zabalagoa den errei batean. Era berean, Xavi Maltas atleta, proiektu honetan parte hartzen duena, Bartzelonan entrenatzen ari da, proba egin aurretik lesioren bat gertatuko balitz ere.
Oraingo honetan, “42 kilometro Itsasadarraren azpitik. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Maratoia. Makina bat kilometro hodi batean" egitasmoari esker, 9.200 euro banatu dira honako GKE hauen artean: Zubietxe, UNICEF, Cuadri del Hospi, Fibrosi Kistikoaren Bizkaiko Elkartea, Kare Sarea, Mugarik gabeko Medikuak, ASINSOC, Pacef eta Educo. Funtsa honako erakunde laguntzaile hauek eman dute: Bilbao Kirolak (Bilboko Udala), Bizgarri, Basauriko eta Erandioko udalak, Hirubi, Conservas Isabel, Bidaideak eta Laboral Kutxa.
Azken 6 urteetan, Javier Condek 27 maratoi egin ditu mundu guztian zehar, eta proba bakarra geratzen zaio ?Stoke Mandevillen?, Joko Olinpiko eta Paralinpikoetako egoitza izan diren hiri guztietan maratoi bat egiten duen munduko lehen atleta izateko. Egindako probekin, aurten, 2015ean, Maratoi Solidarioak fundazioak 39.000 euro eman ditu dohaintzan, eta, gaur egun arte emandakoari gehituta, guztira 152.000 euro banatu dira ehun bat GKEren artean.
BISITA GIDATUAK
Nahiz eta kirol-proba zuzenean emango den sifoiaren kanpoaldean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak talde txikietan sifoia ikusteko bisita gidatuak antolatu ditu, goiz osoan zehar, nahi duenak instalazioa ezagutu, eta Javi Conde eta Jon Salvador erronkan daudela animatzeko aukera izan dezan. Bisita doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da, 688 667 954 telefono zenbakiaren bidez. ( Arretarako ordutegia: abenduaren 21, 22, 23 eta 26an, 09:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta abenduaren 24an, 09:00etatik 15:00etara)
Botikazar kalean dagoen eraikin nagusian hasiko da ibilbidea. Ondoren, bisitariak Bilboren lurpera ?bost solairu beherago? jaitsiko dira, proba egingo den korridore estuan zehar ibili daitezen eta korrikalariak anima ditzaten. Bisitak 40 minutu iraungo du gutxi gorabehera, eta Itsasadarraren beste aldean amaituko da; izan ere, bisitariak Arte Ederren Museoaren alboan aterako dira kalera.
Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta 20 pertsonako taldeak izango dira. Parte hartzeko, gutxienez 7 urte izatea gomendatzen da. Horrez gain, instalazio industriala denez eta zenbait gunetan eskailerak eta maldak dituenez, oinetako erosoak eramatea gomendatzen da. Ibilbide osoa ez dago desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako egokituta.
Unibertsitateko Sifoia Ur Partzuergoak Bilboko Deustu auzoan eraikitako azpiegitura da, hondakin uren bilketa eta Itsasadarraren eskuinaldetik Galdindoko (Sestao) HUArainoko garraioa errazteko. 1997. urtetik jardunean ari den lan horren helburua da Itsasadarraren ertz batetik bestera urak joanaraztea, araztegira bidean. Putzu honetaraino 300.000 biztanleren baino gehiagoren ur fekalak iristen dira.